GARA
LOIU

Aceros Olarran hildako langilea gogoratzeko, 24 orduko geldialdia

Enpresa batzordeak deituta, 24 orduko geldialdia egin zuten atzo Aceros Olarrako langileek. Asteazkenean lan istripu baten ondorioz zendu zen bertan 46 urteko gizona. Bestalde, atzo bertan hasi zen Bizkaiko Metalgintzan deituta dagoen bost eguneko grebaldia.

Aceros Olarra enpresako langileek gogoan izan dute asteazkenean Loiuko enpresan lanean ari zela istripua eduki eta bertan hil zen langilea. Enpresa batzordeak deitu zuen mobilizatzera, eta 10.00etan elkarretaratzea egiteaz gain, 24 orduko greba ere egin zuten, atzoko 6.00etan abiatuta. Gainera, gogoan izan behar da atzo hasi zela Bizkaiko metalgintza sektorean deitua dagoen bost eguneko grebaldia.

Asteazkenean Loiuko faktorian hil zen behargina Beroa enpresakoa zen, eta sindikatuek jakinarazi zutenaren arabera, Aceros Olarraren ohiko azpikontrata da. Ezbeharra arratsaldeko ordu bi eta erdietan gertatu zen. Garabi eta palet batzuekin lanean ari zela harrapatuta geratu eta bertan zendu zen 46 urteko gizona.

Istripu hori ez zen izan asteazkenean gertaturiko bakarra. Izan ere, Barazar porturako igoeran bi kamioik elkar jo eta gidarietako bat hil egin zen. Bestea, larri zauritu eta Gurutzetako ospitalera eraman zuten helikopteroz. Istripua Zeanuri parean gertatu zen, Gasteizko noranzkoan (35. kilometro puntuan) eguerdia baino lehenago.

Garraiolariaren heriotza «salatu» zuen gehiengo sindikalak eta hau gaitzesteko mobilizazioa hurrengo asteartean, hilaren 28an, 11.30ean, egingo dute Bilbon, Lakuaren egoitzaren parean. «Mobilizazioa ezinbestekoa da eta istripuak gertatzen direnean egoera salatzen jarraituko dugu, baita hildako langilearen familia eta lagunei babesa ematen ere», adierazi zuten LAB, ELA, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek.

Guztira aste honetan bost langile hil dira arrazoi edo istripu ezberdinen ondorioz. Astelehenean, basogintzako eta eraikuntzako bi langile hil ziren, Zestoan eta Zarautzen izandako lan istripu banatan.

CAFeko langilearen heriotza

Bestalde, beste langile baten heriotzaren berri ere eman zuten asteazkenean. Kasu honetan, asteartean hil zen behargina, amiantoak eragindako gaitzaren ondorioz (mesotelioma pleurala). CAFek Irunen duen lantegian egiten zuen lan Felix Vazquezek, 2017an Gizarte Segurantzak gaixotasun profesionala onartu zion arte.

Asteartean zendu zen, 63 urte zituela, eta atzo bere lankide izan zirenek omenaldi hunkigarriarekin agurtu nahi izan zuten. 10.00etatik 11.00etara geldialdia egin zuten eta geldialdi horretan beilatokiko bidean kokatu ziren azken agurra emateko «eta familiari berriro gure elkartasuna adierazteko».

Enpresa batzordeak deituriko geldialdiaren ondoren, elkarretaratzea egin zuten. Gogoratu zuten Irungo lantegian lanpostuan amiantoa arnasteagatik hildako hirugarren langilea dela eta horregatik, zuzendaritzari exijitu zioten bere ardura «onar dezala eta borroka judiziala ekidin dezala».