Iratxe ESPARZA
HELDUEN LITERATURA

Sena, adorea, sendotasuna

Miren Amurizak argitaratu berri duen eleberrian Sabina Gojenolaren istorioa kontatzen da. Altzerreka baserriko itzalak eta ahaztu ezin diren gertaerak gordelekuetatik ateratzean, protagonistaren errealitatearen oinarriak kolokan jartzen dira eta Sabina emakume setati eta indartsuak baserriko zeregin guztiak bere gain hartzen ditu ohiturei aurrez aurre eginez, kosta ahala kosta. Horrela deskriba liteke Sabinari buruz hautematen dugun lehenengo irudikapena; alabaina, Amurizaren abileziari esker, hasieratik testuak askoz gehiago promesten du. Bidean utzitako aztarnak fintasunez jarrita daude irakurleak arretaz topa eta erlaziona ditzan.

Etengabeko presiopean bizi da Sabina, etengabeko pentsamenduaren jarioan, atsedenik gabe, beti norbaiten menpean. Zapalkuntza horrek nortasuna zorrozten dio eta pertsonekiko mesfidantza sentitzera bultzatzen du. Baina, eleberriaren trama erraza eta argia bada ere, azalean korapilo handirik gabekoa, irakurlea harrapatzen du eta Amuriza jakin-mina baretzeaz arduratzen da Sabinaren iraganeko une erabakigarrien dosi txikiez hornitzen gaituen bitartean.

Bestalde, azpimarratzekoa da liburuaren egiturako lau plano ezberdinak osagarriak direla Sabinaren pertsonaiaren eraikuntzan. Batetik, auzokide zelatariaren –Lurdes– hitzak ditugu senarrari –Mario– zuzenduta eta testutik, hots, istorioaren gorputzetik, espresuki bereizita. Beste maila batean, kontakizuna bera daukagu, kronologikoki antolatuta, Sabina operatu eta baserrira itzultzen denetik amaierara arte. Hirugarrenik, letra etzanez desberdinduta narrazioaren barruan, protagonistaren bat-bateko ateraldiak daude lehenengo pertsonan adierazita; protagonistak esperimentatzen dituen amorrua, zahartzaroak eragindako ahultasuna edota bizitzari eusteko gogoa iradokitzen dituzte eta, aldi berean, liburuan pixkanaka-pixkanaka Sabinarekiko hurbiltasuna areagotzen da. Laugarrenik, bidegurutzeak topatzen ditugu, iraganeko eta orainaldiko Sabinaren istorioaren arteko tenkak dira, iraganeko gertakizun zehatzak, ederki txertatuta dauden lapsusak. Horiek ere Sabinaren portaera konprenitzeko gakoak dira, berarekin enpatia sentitzeko akuiluak, alegia. Ez da zeregin erraza lau mailak neurritasunez uztartzea, baina, Amurizak haien arteko loturaren bidez, benetako Sabina ezagutaraztea lortzen du.

Beste osagai aipagarri bat irudiek daukaten indarra da. Hitz zehatzak erabiliz, idazleak trebeziaz deskribatzen ditu eta testuaren zirrikituetan igartzen den tentsioa mantentzeko baliagarriak dira. Espazioko xehetasunek izugarrizko zama sentimentala daukate eta Sabinak oroitzapenei heltzeko haietan jartzen du arreta; hala, bizitza osoa markatzen duten jazoera mingarriak eguneratzen ditu.

Zentzu handi batean, emakume askok osatzen dute Sabinaren pertsonaia eta guztiak egotzi zaizkien tasunetatik ihes egiteko nahian dabiltza. Esentzialismotik urrun, eleberriak askotan idealizatu den nekazari giroa eta emakumeei emandako funtzioak eta betekizunak islatzen ditu, euskal matriarkatuaren idealizazioarekin apurtuz eta Euskal Herriko baserriko emakumearen inguruan sortutako iruditegia deseraikiz. Nahiz eta fisikoki familia gertu izan, Sabinak bere baitan nabaritzen eta aitortzen ez duen bakardadeak zulatzen gaitu. Baserria, koinatua eta seme-alabak zaintzearen gehiegizko ardura arrangurarik gabe onartzen bizi da, ohiturei fidel. Funtsean, aldiz, sendatu ezin den zauri urratzaile bat dago Sabinaren bihotzean, zauritu duten basurdea da Sabina eta, piztiak bere burua harrapatuta ikusita, ahal duen guztia egiten du irtenbidea bilatzen saiatzeko, duintasunez, beti ekiteko prest.