Arnaitz GORRITI
SASKIBALOIA - ACB LIGA

Gipuzkoa Basket, mirari ia hirukoitzaren beharrean

Real Madrili irabazteaz gain, Obradoirok galtzea eta Estudiantesen garaipena behar ditu mailaz ez jaisteko.

ACB Ligak bere fase erregularreko azken jardunaldia jokatuko du gaur eguerdian, partida guztiak 12.30ean hasiko baitira. Hala Kirolbet Baskoniak nola Delteco Gipuzkoa Basketek biek dute zeozer jokoan, baina gasteiztarrek play-offetara begira bigarren edo hirugarren postua badute xede, gipuzkoarrek datorren urtean ACB Ligan jarraitzeko asmoz jokatuko dute, eta mirari ia hirukoitz bat behar dute maila ez galtzeko.

Donostiarrek beraiek dute mirariaren parterik zailena: Real Madrili irabazi beharra, alegia. Madrildarrek aurreneko lekua dute jokoan, hau da, fase erregularreko lidergoa. Pablo Lasorenek Bartzelonaren aurrean gal lezakete aurreneko postu hori eta, ondorioz, ez dute ezer barkatzeko asmorik azalduko.

Real Madrili irabazi ezean gainontzeko emaitzak alper-alperrik direla jakitun, Sergio Valdeolmillos entrenatzailea argi mintzatu zen asteroko bere prentsaurrekoan. «Ez diegu bestelako emaitzei jaramonik egingo, guk geuk irabazi ezik ez baitu ezertarako balioko. Beste zenbait ere kapaz izan dira Real Madril gainditzeko, bada horretan zentratuko gara gu, besteei kasurik egin gabe», adierazi zuen Granadakoak.

Zernahi gertatuta ere, entrenatzaile andaluziarrak donostiarrek azken hilabeteetan izandako bilakaera nabarmendu nahi izan zuen. «Horren gaizki pasa ondoren, luzaro azkenak izan ostean, aintzat hartzekoa da taldeak egin duen esfortzua, azken jardunaldira salbatzeko aukerekin iristeko gai izan baikara», adierazi zuen Valdeolmillosek.

«Ligarekiko errespetua»

Gipuzkoa Basketek Real Madrili irabazita ere, ez da nahikoa donostiarrek maila mantentzeko, baldin eta beste bi emaitza ematen ez badira; hau da, Obradoirok Bartzelonaren aurka galtzea eta Estudiantesek Badalonako Joventuten aurka irabaztea.

Azken hamabi jardunaldietan partida bakarra irabazi du Obradoirok eta, ia ezustean, maila galtzeko borrokan murgilduta aurkitu du bere burua. Joan den astean salbazioa lortzeko aukera izan zuten Moncho Fernandezenek Estudiantesen kantxan, baina Sadro Gentileren 27 puntuek eta Dario Brizuela donostiarraren amaiera bikainak –Estudiantesen azken hamar puntuak lortu zituen–, hankaz gora bota zituzten galiziarren usteak.

Orain, berriz, Gipuzkoa Basketen balizko porrotaren zain egon nahi ez badute, mailari eusteko Bartzelonari irabazi behar diote; baina katalanak ere ez daude barkatzeko. Uneotan hirugarren amaituko lukete ACB Liga, eta balizko finalerdietan Kirolbet Baskonia izango lukete aurkari, kantxa faktorea gasteiztarrentzat dela. Ondorioz, nahiz eta Ante Tomicek jokatuko ote duen ez dagoen argi, Svetislav Pesicenak topera aterako dira Obradoiroren kantxara.

Gipuzkoa Basteken ikuspegitik, Estudiantesek Badalonan irabaztea da mirari ia hirukoitz honen azken erpina. Lan txarra, madrildarrek joan zen igandean bermatu baitzuten ACB Ligan jarraitzea eta Joventut play-offetan sartzeko borrokan ari baita. Asteazkenean jokaturiko partidan, Badalonakoek oso maila ona eman zuten gainera, azken orduan 87-81 galdu arren.

Alabaina, Estudianteseko «toreroek» ez dute, nonbait, partida botako. GARAri eskainitako elkarrizketan –datorren astean argitaratuko dugu, luze eta zabal–, Dario Brizuelak «Gipuzkoa Basketek maila mantentzea merezi» duela onartu zuen.

«Kopako etenaldiaz geroztik sekulako maila eman du GBCk. Egia da normalena Joventutek irabaztea litzatekeela, baina entrenatzaileak asteon esan digunarekin oso ados nago; hau da, aurkariei, ACB Ligari, gure zaleei eta gure buruari zor diegun errespetuagatik, irabaztera atera behar dugula. Auskalo zer gertatuko den azkenean, baina irabaztera aterako gara. Eta GBC salbatzen bada, askoz hobe», gaineratu zuen donostiarrak.

Euroligako dema Valentziaren kantxan

Eurocup txapelketan gailendu ostean, datorren urtean Euroligan jokatuko du Valentzia Basketek. Bada, hortaz, Kirolbet Baskoniak gaur eguerdian Euroligako dema jokatuko du Fuente de San Luis pabiloian. Gasteiztarren xedea, bigarren postuari eustea izango da, hirugarrenera ez erortzea, alegia.

Bigarren postuan amaitzea, dena dela, ez dago erabat Perasovicenen esku. Valentzian irabazita ere, Real Madrilek Donostian irabaztea komeni zaio; deskuiduan Real Madrilek galdu eta Bartzelonak eta Baskoniak biek irabaziko balute, 27na garaipenekin berdinketa legoke hiru handien artean, eta kasu horretan katalanek amaituko lukete aurreneko postuan, Real Madrilek bigarren eta Baskonia hirugarren.

Valentzia Basketek, galdu edo irabazi, laugarren amaituko du fase erregularra. Horrez gain, Matt Thomas galdu dute gaur eguerdirako eta Mike Tobey ere nekez osatuko da; arabarrentzat hobe. A. G.