Asier AIESTARAN
PILOTA

Aimarrentzat lan zailak Tolosan

Lesiotik berragertu osteko bigarren partida jokatu zuen atzo Beotibarren eta22-12 galdu zuen Mariezkurrenarekin Altuna eta Martijaren aurka.

Hiru hilabete eta erdi jokatu gabe egon ostean, orain dela aste bat berragertu zen Aimar Olaizola zuriz jantzita Zamorako Aspariegos herrian. Lehen partida horretan 21-22 galdu zuen Eskirozekin Oinatz Bengoetxea eta Arangurenen aurka. Bigarren dema atzo jokatu zuen Tolosako Beotibar pilotalekuan, eta ezin izan zuen garaipena erdietsi: 22-12 galdu zuen Mariezkurrena II.arekin Altuna III.a eta Julen Martijaren aurka.

Goizuetarrak oso argi utzi du egunotan bere lehentasuna oraintxe bertan ez dela partidak irabaztea edo txapelketa jakinetan zentratzea, baizik eta jokoa hartu, erritmoa berreskuratu eta lesioaren aurretik zeukan mailara iristea. Alde horretatik, atzokoa proba oso polita izan zen beretzat, punta-puntako bikote baten aurka neurtu ahal izan zituelako indarrak.

Batez ere Jokin Altuna izan zen atzo sasoi bikaina erakutsi zuena. Pilota bizi atera zitzaion eskutik eta tantoa amaitzeko bere-berea duen erraztasuna agerian utzi zuen beste behin. Dozenatik gora tanto egin zituen amezketarrak eta berak eraman zituen harmailetan zeuden pilotazale apurren txalo zaparrada handienak –jaialdi honek Buruz Buruko hirugarren posturako lehia hartu behar zuen berez, baina Joseba Ezkurdiaren eskuko minak aldaketak egitera behartu zituen enpresak–.

Julen Martijaren lana ere aipatzekoa da. Ostiral gauean Irribarriarekin jokatu zuen Irurtzunen, eta 15-22 irabazi zuten Elezkano eta Ladis Galartzaren aurka. Oso txukun jokatu zuen han, eta 48 ordu baino gutxiago igarota beste partida on bat sinatu zuen Tolosan. Argi dago aurrelariekin abantaila eman diotela, baina berea ezin hobeto egin du nafarrak.

Tolosako partidaren gakoa lehen tantoetan egon zela esan liteke. Gorriak 7-0 aurreratu ziren eta hortik aurrera abantaila horri eusteko gai izan ziren. Aimarrek tanto ederrak egin zituen bigarren erdian, baina emaitzari buelta ematea ezinezkoa egin zitzaien Baiko Pilotakoei.