Nagore BELASTEGI

Rock alternatibo indartsua dakar Deus Ez taldeak bigarren diskoan

Duela hamabi urte hasi ziren elkarrekin musika jotzen Deus Ez taldeko lagunak. Estilo desberdinekin probatu ostean, 2016an serio hartu eta taldea osatzea erabaki zuten. 90eko hamarkadako doinuak gogora dakartzan diskoa aurkeztu dute orain, «Sherpak» izenekoa.

Mendi bat du azalean eta “Sherpak” du izena. Deus Ez talde eibartarraren bigarren diskoaz ari gara. Oraingoan ere autoekoizpenaren bidea hartu dute, taldearen aurkezpenerako balio izan zuen “Deus Ez” albumaren urratsei jarraituz.

«Alde batetik, autoekoizpena aukera bakarra da, oso zaila delako norbaitek zure lana grabatzea; eta bestetik, autoekoizpenak gauzak zure erara egiteko askatasuna ematen dizu», esan digu Koldo Sagarzazu bateriak.

Eric Deza abeslari eta gitarristarekin eta Alex Etxeberria baxu-jotzailearekin osatu zuen taldea 2016an. «Hirurok elkarrekin jotzen eman ditugu azken 12 urteak. Beste proiektu batzuetan elkarrekin aritu gara eta Deus Ez talde berria den arren, aspalditik ezagutzen dugu elkar. Aurretik izan genuen blues talde bat, rock esperimental talde bat… baina ez genuen biderik hartu, gazteagoak ginen eta gauzak probatzen ari ginen», dio.

Bigarren diskoak potentzia musikal handia du lehenengoarekin alderatuta, baina biek melodia estilo bera dute, taldearen bereizgarria dena. «Esango nuke bigarrena ausartagoa dela; estilo aldetik gehiago ireki gara, musikari ez diogu mugarik jarri», azaldu digu bateriak.

Lehen diskoan abestiak oso luzeak ez izatea nahi zuten eta aldez aurretik pentsatutako ideiara mugatzen ziren, nahiz eta abesti batzuek luzeagoak izatea eskatu. “Sherpak”-en badaude 3 minutuko abestiak baina 5 minutukoak ere bai.

Musika estiloari dagokionez, ez zaie enkasillatzea gustatzen: «Beti esaten dugu rocka egiten dugula, eta asko jota rock alternatiboa. Diskoa entzunez gero ikusten da une batzuetan metal eta pop puntuak ere antzematen direla, nahiz eta rocka izan abiapuntua». Azkenaldian ireki eta egungo musika eta klasikoak entzutera animatu diren arren, euren erreferentzia 90eko hamarkadako taldeak dira, Nirvana batez ere.

Ez oso esplizituak

Euren letrak ez dira oso esplizituak, baina eguneroko bizipenez eta sentimenduez hitz egitea gustatzen zaie. Abesti aldarrikatzaileentzako lekua ere egin ohi dute, baina hor ere saiatzen dira mezua oso garbi ez uzten, bakoitzak bere irakurketa egin dezan.

Diskoari amaiera ematen dion kanta izena ematen dion “Sherpak” da, bildumako balada, ohiko baladak bezain lasaia ez den arren. «Hasieratik konturatu ginen zerbait berezia zuela abesti horrek eta segituan garbi ikusi genuen diskoa amaitzeko kanta zela. Desberdina da baina amaieran badu indarra, eta letrari dagokionez zentzua ematen dio diskoari. Ez da gure abestirik bereizgarriena, baina horrek izan behar zuen azkena», adierazi du Sagarzazuk.

Disko honekin jada hiru kontzertu eskaini dituzte, eta oraindik nola funtzionatuko duen jakiteko goiz den arren, momentuz harrera ona izaten ari da. Hala ere, musikariaren ustez «kontzertuak jotzen lantzen dira, zuzenekoan». «Oraindik badaude batzuk lehen diskoa nahiago dutenak, baina gehienek aurrerapauso bat bezala ikusten dute», aipatu du.

Iaz Amurrion lehiaketa bat irabazi zuten eta horri esker herriko jaietan jo zuten. Burubioko jendearekin harreman ona egin zuten, eta oraingoan bertan eskaini dute emanaldia. Hurrengo kontzertuak Iruñean (maiatzaren 31n), Donostian (ekainaren 1ean), Bilbon (ekainaren 7an) eta Sopelan (ekainaren 8an) izango dira.