Asier AIESTARAN
REALA

Zaldua ere 2023ra arte lotuta

«Realeko jarraitzailea naiz betidanik eta gustatuko litzaidake Xabi Prietoren moduko ibilbidea egitea hemen», aitortu du jokalariak.

Realak bere etorkizuna ziurtatzen jarraitu nahi du eta, helburu horrekin, beste jokalari baten kontratua berritu duela jakinarazi zuen. Oraingo honetan Joseba Zaldua izan da klubarekin duen lotura luzatu duena: kontratua 2020ko ekainean amaitzen zitzaion eta, akordio berriari esker, 2023ko ekainera arte jarraituko du Realeko jokalari izaten.

«Oso pozik nago. Niretzat amets bat da hemen jarraitzea. Beti esan izan dut ni Realeko jarraitzailea naizela betidanik eta gustatuko litzaidakeela Xabi Prietoren moduko ibilbidea izatea Realean. Hau beste urrats bat da bide horretan», azaldu zuen eskuin hegaleko jokalari donostiarrak Realeko webguneak jasotako adierazpenetan. «Azkenean 13-14 urterekin sartu nintzen Realean, bizitza osoa Realean egin dut eta niretzako hemen jarraitzea amets bat da. Zelai berria... ezin dut gehiago eskatu», gaineratu zuen.

Zalduak 26 urte ditu –ekainaren 24an beteko ditu 27– eta esan liteke apur bat kosta egin zaiola lehen taldean bere lekua hartzea: «Azken urteetan ez nituen minutu asko jokatzen eta iazko irteera (Leganesen jokatu zuen utzita) oso ongi etorri zitzaidan. Aurten, zorionez, ongi irten da dena, bai Asier Garitanok bai Imanol Alguacilek konfiantza eman didate zentzu horretan; ongi egon naizenetan minutu guztiak jokatu ditut, eta bide horretatik jarraitu nahi dut, ahalik eta partida gehien jokatu ahal izateko».

Denboraldiari dagokionez, Zalduak ez du ezkutatzen amaitu berri dena ez dela erabat positiboa izan. «Aurten ez dugu lortu etxean erregulartasuna mantentzea, eta hor goian egon ahal izateko garrantzitsuena hori da. Etxean indartsu egotea eta garaipen asko lortzea. Datorren urtera begira nik uste hori dela landu beharrekoa: etxean indartzea, kanpoko taldeek ikustea hemen irabaztea oso zaila dela. Ziur nago lana eginez lortuko dugula».

Oinarriak ipintzen

Jokin Aperribay presidenteak aurreratu zuen aspaldi, David Zurutuzaren kontratu luzapena aurkeztu zuen egunean zehazki, Zaldua, Navas eta Aihen Muñozen kontratu berritzeak oso aurreratuta zeudela. Behin Aihen eta Zalduarenak jakinarazita, pentsatzekoa da Navasena ere laster emango dutela jakitera. “Noticias de Gipuzkoa” egunkariak atzo zioenez, Sangalli eta Guevara ere sinatzear daude.

«Niretzat oso garrantzitsua da ikustea behetik jendea badatorrela, eta taldearen etorkizunerako ere ezinbestekoa da. Aurten, esaterako, bederatzi jokalari izan dira debutatu dutenak, eta horrek asko esaten du egiten ari den lanaz. Egia da gazte asko gaudela taldean, baina lana eginda ziur lortuko dugula emaitza onak izatea».

Honi buruzko guztia: REALA