GARA
BILBO

Erkide eta ENFK batu, eta federazio bat osatu dute

Euskadiko Nekazari-elikagaien Kooperatiben Federazioa (ENFK) eta Erkide batu, eta erakunde berri bat osatu dute: Euskadiko Kooperatiben Federazioa-Erkide du izena eta «abantaila ugari» ekarriko ditu.

Erkidek eta Euskadiko Nekazari-elikagaien Kooperatiben Federazioak (ENFK) bat egin eta erakunde berri bat sortzea erabaki dute. Euskadiko Kooperatiben Federazioa-Erkide jarri diote izena. Agertu zutenez, orain arte independentea izan den ENFK-k nekazaritzako elikagaien kooperatiba taldea osatuko du Erkideren barrenean eta autonomia osoz arituko da alor horrekin lotutako gaietan.

Atzo jakinarazi zutenez, Erkide berriak era guztietako kooperatibak bilduko ditu, arlo bat ere baztertu gabe. Batasun honek abantaila ugari ekarriko dituela uste dute. Adibidez, «kooperatibagintza osora zabalduko ditu ordezkaritza eta eragina eta, horri esker, kooperatiba mugimendua indartu egingo da eta pisu sozial handiagoa lortuko du».

Sektoreen artean bizipen gehiago eta hurbilagoak sortuko direla eta hala harremanak erraztuko direla ere pentsatzen dute. Enpresa sinergiak ere handitzeko itxaropena dute, alderdi askotan: jarduera operatiboetan, inbertsioetan zein zuzendaritza sinergietan.

Negoziazio ahalmena eta eskala ekonomikoak handitzea ere espero dute.

Erkidek batzar nagusia egin zuen asteartean eta, ENFKrekin elkartzea aho batez babesteaz gain, oso balorazio ona egin zuen 2018ko ekitaldiari buruz. Bost motatako kooperatibak biltzen ditu gaur egun: lan elkartukoak, irakaskuntzakoak, nekazaritza elikagaien arlokoak, kontsumokoak eta kreditukoak. Orain, beste mota batzuetako kooperatibei ere ireki dizkie ateak: enpresa zerbitzuak, txikiak, bigarren mailakoak...

2019rako ezarritako helburuak ere oroitu zituzten: «Euskadin 1.000 lanpostu baino gehiago sortzea espero dugu», zehaztu zuten. 60 kooperatiba gehiago sartu nahi dituzte federazioan eta, beraz, 1.250 enpresa elkartutik gorako ordezkaritza lortu nahi dute.