Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Makil dantza tronu jokoan

Pasa da eguna, eta gau hartako argazkia; eta berria etorriko udalak eratzen direnean. Eta gerora ere, argazki gehiago. Argazkiz argazki egiten delako sekuentzia, hauxe inportanteena. Honezkero jasoak dira boto-ontziak, eta udaletxe atzeko trastelekura bildu ere, hautsaren zoramenerako, hurrengo hitzorduaren zain; ez oso urrun, beharbada. Eta ontziokin batera boto-paperak bildu ere, baliodunak eta baliogabeak, azkeneko hauetatik asko baliodun modura ontziratuta. Botoaren etekina ezbaian.

Tira, Murgoitio demontre, harira! Orain makil dantzaren garaia da, plazan barik barruko batzar aretoan eta musikarik gabe, hurrengo argazkian makilari eskutik zeinek eutsiko dion ebaztearena. Nork-Nori-Zer sistema, lau urtean behin aplikatua. Pintzak asko eta askotarikoak ikusiko, alkate batzuen praketan bertan ere bai. Hemen. Omen. Amen. Aliantzak nagusi, tronua jokoan. Mahaiak lekuko izango, inguruan ahobizi eta belarriprest, ahoprest eta belarrihil… eta azkenean batek makila altxatuko, argazkirako.

Hamaika bider begiratu ditut herriz herriko emaitzen zerrendak, betaurrekoak eta betatzekoak aspertu arte, gau hartako mapako koloreez, transgenikoak barne, jabetu eta emaitzok nire buruko disko gogorrean pilatzeko, geroko gogoetetarako baliagarri. Ia buruz ikasi ditut, hori bai, zuriak kenduta; nire herrikoak falta zaizkit. Eta hau kolpea! Ezkerreko subiranistok lehenengo indarra non eta Trebiñuko udalerri batean! Besteon mapan kolore berdea jarrita! Eta Melillan 12 boto-paper jaso! Esan ez nion ba lehengoan lagun bati lau urte barru zinegotzia baietz Ceutan! Bidean ari gara.

Total, nire aurreko orrian, behean ere bera, urteetan bidaide izan dudan marrazkilaria erretiro bidean dela jakin berri dut, nor eta Akistan, Akinostan eta Tampokoestango herriak mapan jarri zituenak! Eutsi zuri-beltzari!