GARA
BILBO

«Otto Pette»-ren 25. urteurrena irakurraldi jarraituarekin ospatuko dute Bilbon

Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatuta, Anjel Lertxundiren «Otto Pette» eleberriaren gaineko jardunaldiak hasi ziren atzo. Ostegunean, berriz, irakurketa jarraituari ekingo diote.

Orain 25 urte argitaratu zuen Anjel Lertxundik “Otto Pette” eleberria eta efemerideari lotuta hainbat ekitaldi antolatzen ari dira. Atzotik hasita, Bilbo Zaharra euskaltegiaren ekimenez, eleberria gogoratuko dute hainbat idazlek eta ekainaren 6an obra klasiko honen irakurraldi jarraitua egingo dute Arriaga antzokian.

Jardunaldiak bihar amaituko dira, Euskaltzaindiaren egoitzan; lehen egunean, astelehenean, “Otto Pette ene bihotz-begietan” solasaldia egin zuen Pako Aristik, eta Jon Alonsok, bestetik, “Metafora zen erresuma haren izena” izenburupean hitz egin zuen.

Gaur “Otto Petteren irakurketa gaurkotua” izango du aztergai Tere Irastorzak eta, horren ostean, Garbiñe Ubedak hartuko du hitza, “Ziztada bat” mintzaldiarekin. Anjel Lertxundi bera izango da solasaldiak itxiko dituena, bihar, “Otto Pette: Hilean bizian bezala” saioarekin. Hitzaldi guztiak 19.00etan dira.

Osteguneko irakurketan 400 pertsona inguruk hartuko dute parte, txandaka, “Otto Pette” irakurtzeko. 8.00etan hasi eta 12 ordu iraungo duela jotzen dute. Lehenengo lerroak egileak berak irakurriko ditu eta bere atzetik euskal gizartearen arlo guztietako jendea pasatuko da. Arriaga antzokiaren kanpoaldean pantaila erraldoi bat jarriko dute bertatik pasatzen direnek irakurketa entzun ahal izateko. Alondegiak ere pantaila bat jarriko du eta EiTBk ere zuzenean emango du bere webgunean.

Klasikoen Irakurraldiari jai giroko bukaera ematearren, musika eta dantza emanaldia izango dugu Arriaga antzokiaren aurreko plazan, Bilboko Gaztedi dantzari taldearen gidaritzapean. Jai honekin euskarazko ikasle guzti-guztiei omenalditxo bat egin nahi diete, euskal klasikoak ezagutarazteaz gainera. Horretarako, Bilbo Zaharra euskaltegiak unitate didaktiko batzuk prestatu ditu.

Erdi Aroan kokatuta

Egingo den irakurketaren aurkezpenean ere izan zen Lertxundi eta poza agertu zuen 25 urte hauetan liburuak bere bidea egin duen bezala euskarak ere bidean aurrera egin duelako. «Orain ez dago hainbeste eragozpen. Gaur, zorionez, ez euskararen aldetik, ez irakurleen aldetik, ezta idazleon errealitatean ere, gauzak ez dira duela 25 urte bezalakoa», aipatu zuen.

Horrez gain, gogoratu zuen liburua idazterakoan «prosaren poza» sentitu zuela. Izan ere, Erdi Aroan kokatutako istorio bat izanda, argi izan zuen hasieratik sinesgarritasuna lortu nahi bazuen hizkera landu behar zuela. «Prosaren poza ez zetorkidan hiztegitik, baizik eta hiztegiaren koloretik. Hau da, hiztegiak gutxi balio du, niretzat buffet moduko bat da bertatik zer komeni zaidan erabakitzen dudalako».

«Ez nuen imajinatu nahi orduko jendeak nola hitz egingo zuen, horrek ez zidan axola, ni ez naiz hizkuntzalaria. Nik asmatu nahi nuen hizkera bat irakurleek konbentzio moduan onartuko zutena. Garbi nuen inoiz ez bezala hizkuntza lagun izango nuela. Sinesgarritasuna ez nuen historia liburuetan bilatuko; hizkeratik etorriko zitzaidan. Horregatik sentitu nuen prosaren poza», argitu zuen.

1994. urtean argitaratu zuen Lertxundik “Otto Pette”. Obra horretan Erdi Aroko fikzio bat aurkezten du idazleak, non Otto Pettek arrotz baten bisita jasoko duen: ezegonkortasuna ekarriko du kanpotar horrek Otto Petteren bizitzara, bere etxean arrotz sentitzera eramateraino.

Liburuaren 25. urteurrenaren karietara, Alberdaniak obraren edizio gaurkotua argitaratu zuen iaz, eta horren aurkezpenean ere idazlea hizkerak sortu zizkion arazoez mintzatu zen. Azaldu zuen eleberria idazten ari zela «gauza berri bat» egiten ari zen sentsazioa zuela. «Nik sortutako mundu bat eraikitzen ari nintzen, eta mundu ezezagun horretan irakurlearentzat gauza berriak bilatzen ari nintzen».

Bide horretan, baina, zailtasunak ere topatu zituen. Sinesgarritasuna lortzeko «tresna nagusia falta nuen; aurreko ereduetan ez nuen hori emango zidan autore edo testurik, eta hori zen hizkera». Hizkera sinesgarri hori eraikitzeko “Autoridades” hiztegia baliatu zuen, baita Mokoroarena ere. «Oraindik bada hiztegien tomoak lurrean barreiatuta ditudala oroitzen nauenik», esan zuen .