GARA
PASAIA

Pasaiak dantza jaialdi berria estreinatuko du gaur

Urtero Pasaiako barrutietako batean egingo dute. Lehen edizioa Antxon egingo dute, eta hurrengoak Trintxerpen, San Pedron eta Donibanen, ekimena udalerriko txoko guztietara irits dadin.

Pasaiako Dantza Festibalaren lehen edizioa hasiko da gaur Antxon. Honekin kalitatezko jaialdi bat, parte-hartzailea, parekidea eta integratzailea abiarazi nahi dute. Lau egunetan zehar dantza hainbat modutan gozatzeko aukera emango dute. Horretarako tailerrak, erakusketak, hitzaldiak, ikuskizunak eta zinema emanaldiak programatu dituzte.

Jaialdi honen bitartez Pasaiako herriaren garapen soziokulturala bultzatzen lagundu nahi dute. Era berean, dantza adierazpideek ekar ditzaketen onurak hurbildu nahi dizkiete herritarrei, publiko berria sortzeko.

Pasaiaren berezitasun geografikoa kontuan harturik, urtero barruti batean antolatuko dute festibala. Lehen edizioa Pasai Antxon egingo dute, eta hurrengoak Trintxerpen, San Pedron eta Donibanen, norabide zirkularra mantenduz.

Esan bezala, aurten Antxon izango da, ondorengo guneetan zehazki: Zumardian, Biteri plazan, kultur etxean, azokan, Ibaiondon eta skate parkean. Eguraldi txarra egingo balu, emanaldiak Ibaiondo pilotaleku estalian izango dira.

Gaurko lehen ekitaldia 17.30ean izango da, azokan. Entre Orillas kolektiboak tailerra emango du, mugimendua gustuko duen 7 urtetik gorako edozein pertsonari zuzenduta. 90 minutuan, gorputz-espresioa eta dantza elkarrizketarako eta garapen soziokulturalerako tresna gisa nola erabili irakatsiko diete bertaratutakoei.

Ondoren, Zumardian, Proyecto Larrua taldeak idi probetan oinarritutako ikuskizuna eskainiko du. 20.30ean, berriz, kultur etxean Telmo Esnalek zuzendutako “Dantza” filma proiektatuko dute.

Igandera arte, dantzan

Bihar hiru ikuskizunek osatuko dute egitaraua. 18.30ean, Zumardian, Myriam Perezek “Nere azalean arrotz” 15 minutuko emanaldi oso pertsonala eskainiko du. Ondoren, 19.30ean, Mug Gus Laborategiaren txanda izango da, Biteri plazan. Eguneko azken dantza emanaldia “Meeting point” izango da, Ertza konpainiarena.

Larunbata tailer batekin hasiko da. Myriam Perez dantzariak “Dantzaturiko istorioak” familientzako eskola emango du (11.30ean azokan). 4 eta 10 urte arteko haurrei zuzendua dago eta jolasaren eta inprobisazioaren bidez, irudimena erabiliz, mugimendu oro dantza izan daitekeela frogatuko du.

13.00etan, Ibaiondon, Zuberoako maskarada eskainiko du Alkartasuna Dantza Taldeak, eta arratsaldean, 18.30ean, leku berean, Iker Murillok “Studio” erakustaldia egingo du. 24 urtez herritik kanpo lanean aritu ondoren, pasaitarrak Studio 24 eskola zabaldu du, dantzari gazteak trebatzeko.

19.30ean skate parkean Lasalak “Iu” emanaldi laburra egingo du, eta 20.30ean, Zumardian, Kolorearekin taldeak hartuko dio lekukoa, “Habrá que ponerse cachas” ikuskizunarekin.

Igandean amaituko da jaialdia, baina egun horretan ere egitaraua ez da hankamotz geratuko. 11.30ean Studio 24ko gazteek barra klasiko erakustaldia egingo dute Ibaiondon, eta 12.30ean, Zumardian, Hika eta Oinkarik “Sagartu” lana eskainiko dute.

Jaialdiari amaiera borobila emateko, herri osoa dantzan jarri nahi dute, eta horretarako Pasai Antxoko Muxikoen Elkarteak eta herriko kantu jirak adin tarte guztietarako aproposak diren herri dantzak irakatsiko dituzte.