Nagore BELASTEGI
EMAKUMEAK BERTSO MUNDUAN

Idealizatutako giroan indarkeria sexista araua denean

Uxue Alberdik «Kontrako eztarritik» idatzi zuenean beldur bat zuen: bertso giroan isiltasuna nagusitzea. Saiakeran jasotzen den indarkeriak gizartearen parte bat asaldatu duen arren, bertsolaritza munduak ez du garrasirik egin. Baina gaia mahai gainean dago eta eztabaida ez da falta.

Emakume bertsolariek euren lanbidean jasaten dituzten bortizkeria egoerak biltzen dituen “Kontrako eztarritik” saiakera liburua idatzi du Uxue Alberdik, eta bertan kontatzen diren hainbat gauza ileak lazteko modukoak dira. Beharko lukeen baino oihartzun gutxiago izan badu ere, mina eman dio kontzientzia feminista duen gizartearen multzoari eta, horregatik, gaiari buruz hitz egiteko espazioak sortzen hasi dira.

Bertsolaritzan kokatu arren, deskribatzen diren egoerak ez dira bertsolaritzara mugatzen, edozein emakume identifikatuta sentitu daiteke. Alberdik 15 emakume bertsolari elkarrizketatu zituen eta 22 mekanismo identifikatu zituen feminismoaren ikuspuntutik. Horien inguruan aritu ziren atzo Andoaingo Martin Ugalden idazlea bera eta liburuko hiru protagonista: Miren Artetxe, Jone Uria eta Nerea Ibarzabal.

Azken honek kontatu zuen bi aldiz irakurri duela liburua, oso modu pausatuan. «Biolentzia izugarria sumatzen da, askotan gure erreferente izan diren pertsonen aldetik», adierazi zuen. Berari lasaigarria suertatu zitzaion jakitea ez dela bera izan bortizkeria mota horiek jasan dituen bakarra; baina, era berean, amorrua sortu zaio gauza beragatik. «Dena errepikatzen dela ikustea beldurgarria da», esan zuen.

Uriarentzat liburua beharrezko ariketa bat izan da, «jendeak ikusi nahi ez zuen zerbait erakusteko». Artetxerentzat, berriz, «mila zurito artean» aipatutakoak liburu batean gorpuztea garrantzitsua izan da.

Gutxiespena eta aliantzak

Liburuan aipatzen diren mekanismo guztiak aipatzea ezinezkoa zen atzoko saioan, baina horietako bat hautatzeko aukera izan zuten. Ibarzabalek autogutxiespenari heldu zion: «Kanpotik datorren erasoari aurre egitea posible da, baina barrutik datorrena destruktiboa da». Aitortu zuenez, bertsolaritzan jarraitzeko duen presioa hain da handia, ezen utz dezakeela pentsatze hutsa oasi bat bezalakoa baita berarentzat; baina, era berean, txikitatik horretan ibili dela eta ez dakiela ezetz esaten gaineratu zuen, eta, horregatik, agenda beti beteta daukala, harrapatu duen olatutik jaitsi ezinik, eta bere buruari «mediokridade unerik» ezin onartuta.

Uriak ez du bere burua kuestionatzen, baina gogorra egin zaio irakurtzea bere kideek euren buruari galdetzen diotela ea dauden lekuan egotea merezi duten. «Gizon heldu giputza plazan badago ez dugu inoiz kuestionatzen, baina emakume gazte nafarra bada arrazoitzen saiatzen gara», adierazi zuen.

Ildo horretan, Artetxek azpimarratu zuen emakume bertsolariek leku hori oparitu egin dietela sentitzen dutela, eta orduan datorrela autoexijentzia. Jarraian, beste mekanismo bati heldu zion: «Gertatu zait gizonek esatea ‘emakumea zara, baina gurekin funtzionatzen duzu’, eta orduan sasipribilegio horiek izateko aliantza horiek mantentzea. Orain, denak feministak garelarik, badaude onak eta txarrak, eta esaten digute ‘zurekin hitz egin daiteke, beste horrekin ez’», kontatu zuen mekanismo hori azaltzeko.