Jon ORMAZABAL
Elkarrizketa
IñAKI ELORZA «TXAPAS»
IRRATI ESATARIA

«Lehen finala 3.000 lagunekin eman nuen Atanon eta azkena ere hala izango da Bilbon»

Pilotaren entziklopedia dela esan daiteke Iñaki Elorzaz (Azpeitia, 1952), baina datu base izugarri horretan ez du berak irratiz emandako pilota partiden kopuru zehatzik. Pentsatzen jarrita, eskuzko profesionaletakoak 5.000tik gora izango omen dira. Erretiroa sanferminetan –bere beste pasioetako bat– hartuko duela eta, igandeko Buruz Burukoa bere azken final handia izango da.

Ezizena beste nonbaitetik datorkion arren, kosta egiten da Iñakirekin hitz egindako guztiak orrialde hauetan laburbiltzea. Istorio kontatzaile honekin aritzea, pilotaren azken 30 urteen errepaso bat egitea da.

Hasteko, jakingura; zergatik edo nondik “Txapas”?

1966 ingurukoa da. Nik Iruñean ikasten nuen, batxilergoa, eta Literaturako egun hartako ikasgaia Espronceda zen, gerrillari bat, eta bere albokoa Joaquin de Pablo, eta horren izengoitia zen Txapalangarra; hau gero Luzaiden hil zuten. Nik zerbait egin nuen eta irakasleak ‘Cállate Txapalangarra’ esan zidan. Arratsaldean eskubaloiko entrenamendua, eta taldeko batek «pasa Txapalangarra» esan zidan eta hala geratu zen. Gero, Nafarroako herrietara jokatzera joan eta han azpeitiarren batzuk bildu, Txapalangarra luzeegia zela eta Txapas deitzen zidatela entzun eta Azpeitira joan udan eta denek Txapas. 52 urte-edo dira jarri zidatela.

Igandekoa zure azken pilota finala izango da. Prest?

Berezia da, bai. Lehen finala 82an egin nuen, orduan Herri Irratian, Retegi, Ariño IV.aren aurka, Anoetan, eta oso berezia izan zen. Orduko kronika gordeta daukat. 3.000 laguneko frontoi batetik, topera zegoen frontoi batetik. 37 urte pasa eta 3.000 laguneko beste batera, baina batak eta besteak batere zerikusirik ez dutenak. Hura berezia izan zen eta hau ere bai.

Baina 3.000 lagunek Atanon eta Bizkaian ez dute zerikusirik...

Nik nahiago 3.000 Atanon, toki txikiagoan, jende guztia zutik, kabitzen ez zela, kanpoaldean sekulako giroa… Nik beti esaten dut nahiago dudala 40.000 lagun Anoetan, 40.000 Bernabeun baino. Gaur egun legeagatik, segurtasun arrazoiengatik, zutikako sarrerak, pasilloak-eta kendu dituzte eta ez da posible, baina ordukoa zen… puruekin-eta are bereziagoa.

Hasieratik pilotan?

Hasi, Reala eta Athletic euskaraz ematen hasi nintzen. Athleticekin lehena partidak euskaraz ematen ziurrenik ni izango nintzen. Realaren bigarren Liga eta Athleticen Clementeren biak eman nituen. Herri Irratian Gorka Reizabal aritu zen Gijongo partida hartan, baina gero bere tokian ni sartu nintzen. Etxeko Realaren denak eman nituen eta kanpokoak gutxi. Aurrena futbola gehiago pilota baino, eta gero, ia azkeneko 20 urteetan pilotako denak, eta oso gutxitan futbola ere bai.

Aitzindaria, beraz, euskarazko kirol kazetaritzan?

Bai, orduan apenas zegoen ezer. Iribarrenen 80ko omenaldiko diruari esker; diru hori kirola euskaraz egin zedin eman zuen, hiztegigintzan lan egiteko batetik eta gero gainera irratirako aukera izateko; ze beste hiztegiekin gertatzen zen hiztegi bat egin bai, baina gero nola erabili? Nire kasuan izan zen nik egin eta nik erabili, eta gaur egungo gazteak horrekin jaio dira, baina garai hartako jendeari azaldu egin behar zitzaion zergatik esaten genuen halakoa. Abantaila hori izan genuen, guk landutakoa, guk azaltzea nola esan behar zen.

Zenbat aldatu da pilota ordutik?

Gauza asko aldatu dira. Jokoari dagokionez, ni hasi nintzenean, artean atxikia adierazten zen, gaur egun atxikia badago, baina pilotariek egin arren, epaileek ez dute adierazten. Garai hartan, eta orain gutxira arte, partidetan bi pasa zeuden saketik, 2010etik bat. 2011tik izango da sakea lau eta erditik ateratzen dutela eta nire garaian, 1984an behintzat bai, Retegi eta Galarzaren artekoan, sakea lautik zen. Gero, atsedenak kontrolatu, botileroak kendu, materiala bera… publikoa bera ere bai, orduan oso-oso emakumezko gutxi joaten zen pilotalekura eta gaur egun publikoa dibertsifikatu egin da. Gero telebistak zer esan handia izan du, aldaketak asko.

Grazia handia egiten zidan, Joxe Arriaranek –Arriaran II.ak– nola esaten zuen pilota zela garai hartan ia elizara joatea bezalakoa. Jendea arropa onenekin, etiketaz, trajez, gorbatarekin ere joaten zela, pilotariak ere bai eta horretan ere, gizartearekin ere aldaketa etorri dela.

Onerako edo txarrerako?

Onerako eta txarretako, etorri beharrekoak, gustatu edo ez. Batzuk telebistak ekarri zituen; esaterako, lehen frontoiak zuriak ziren, eta garai hartan ni neu ere ez nintzen margotzearen aldekoa, baina gero gorriak, urdinak, berdeak, beltzak ikusi ditugu. Garai hartan denok ginen zuriaren aldekoak, baina aldaketak, gizartean izan diren beste aldaketa asko bezala, pilotak ere onartu behar izan ditu, besterik gabe.

Lanbidea ere pilota bezainbeste aldatu da, ala?

Eta horrek bai ematen didala pena. Gure garaian, bueno nik garai asko ditut, lehenago derrigorrezkoa zen frontoira joatea edo entrenamenduetara joatea. Gaur egun enpresak emango du bere oharra sare sozialetan, prentsaurrekoa jarriko du… Lehen, telebistarik ez zegoenez, derrigorrez joan behar zenuen pilotalekura eta han pilotariekin, enpresakoekin, artekariekin, pilotarien familiakoekin egoten zinen eta harreman bat egiten zenuen; gaur ez. Nik ulertzen dut enpresa politikagatik askok partidak telebistan ikustea, baina kazetarien politikarako eta irakurle edo entzuleen kasurako ez da onena.

Izan duzu bereziki gustatu zaizun pilotariren bat?

Nik izan dudan zortea izan da frontoian ezagutu ez ditudanak gero ezagutzeko aukera izan dudala, bai Atano III.a, Gallastegi, Miguel Soroa, Akarregi, Garcia Ariño edo Ogeta, ezagutu ditut pilotari izan eta gero, pertsona bezala. Frontoian beraiekin gozatu ez nuena gero gozatu nuen. Eta gero Azkarate, Atanillo, Juan Ignacio Retegi, Lajos, Julian, Gorostiza, Galarza… horiekin denekin doble gozatu izan dut, bai frontoian, baita frontoitik kanpo ere.

Baina bat aukeratzekotan? Retegi zegoenean iruditzen zitzaidan bera baino hoberik ez zela irtengo. Gero Eugi edo Belokirekin haiek baino hoberik ez zela aterako. Gero Irujo edo Aimar eta gero Oinatz edo Urrutikoetxea, Altuna, Irribarria… Ni ez naiz egoten lehengoak zein onak ziren gogoratzen. Onak ziren, baina oraingoak ere bai. Alderaketa horietan ez naiz sartzen. Prestaketa, materiala, jokatzeko era... lehen airez eta sotamanoz ez zen jokatzen, baina ziur lehengo guztiak ere jarriko liratekeela hala jokatzera. Cro-Magnongo gizakia jarriko litzatekeen bezala internetarekin artista bat izaten.

Final bat?

Nik beti esaten dut, futbol derbia bezala, pilotako final bat ez dela arratsaldeko seietatik zazpietakoa soilik. Pentsa, finala Irribarria eta Urrutikoetxeak jokatuko zutela dakigunetik, hiru astetan, pilotazale guztien ahotan beste konturik ez dago; kazetarion artean ere antzera. Finala dena da, bat oporretara doanean bezala, aurreko egunetan ‘hau egingo dut, bestera joango naiz’ ibiltzen da eta gero oporrak ez dira hala gertatzen. Finalarekin denarekin gozatzen dugu eta gero, partidarekin bakarrik, ez dakit. Akaso, horrela oso-oso alde txikiarekin bukatu zelako edo, Retegi-Galarza bat, 22-21eko hura? Galarzak eskatutako atxikia azkeneko tantoan... hura bai, oso gogoan daukadalako, baina beste edozein ere bai.

Pilotaren etorkizuna nola ikusten duzu?

Ba, ez naiz horretan batere baikorra, kezkatuta nago. Garai batean, gu hasi ginenean, pilotari profesionalak 90 izango ziren, Unidas eta Eskulariren artean eta gaur egun, 49. Lehen pilotari dezente ziren, dozena erdi bat bai, urtean 100 partida jokatzen zituztenak. Iaz Aimarrek eta Altunak, bakoitzak 61; kontratuetan 40 partida edo 35 dira eta eta ETBk ematen duen dirua dagoelako. Erakundeek festak direlako edo txapelketa delako jarriko dute partidaren bat, baina Binakako Txapelketa ez bada… Buruz Burukoak ikusleen aldetik gutxi deitzen du; Lau eta Erdikoak azken fasera arte ez du funtzionatzen, udako torneoak festa giroan, apustuek ez dute ematen lehen ematen zutena… Telebistarentzat eta herrientzat interesgarria den bitartean ondo, baina ez dakit beti izango den interesgarria. Ikusi besterik ez dago zer gertatu den zesta, pala edo erremontearekin. Ez dakit zer gertatuko den, ez daukat kristalezko bolarik.

Igandeko finalerako ere ez?

Ez. Egia da biek oso txapelketa ederra egin dutela. Lehen esan dizudan bezala, Retegi eta Galarzaren arteko duela 35 urteko 22-21 batekin geratuko nintzateke gustura. Zeinek irabaziko duen ez dakit, baina partida oso alde txikiarekin bukatuko balitz, horixe izango litzateke ona.