Amalur ARTOLA
ERRENTERIA
Elkarrizketa
OIER GUILLAN
IDAZLE ETA ANTZERKILARIA

«Proiektu berriak imajinatzeko poetika berri baten beharra sumatzen dut»

Oier Guillanen (Errenteria, 1975) imajinarioan bereizi ezinak dira literatura eta antzerkia, elkarren osagarriak. Ia hiru urtez oholtzaz oholtza eraman duen «Miss Karaoke»-ren bira amaitu berritan, aspaldian ahantzia zuen poesiarako interesa berpiztu zaiola dio. Oholtza gainerako zutoin izango den poetika berria du amets.

Oier Guillanen etxean ez dira bereziki antzerkizaleak izan. Bai, ordea, literaturazaleak. Haur zenetik, bera bizi izan den etxeek beti liburutegi zabalak izan dituztela dio, eta denborarekin literatura antzerkirako zubi bilakatu zaiola. Hori nabaritzen zaio egun ere, Metrokoadroka kolektiboarekin, sortzen dituzten antzezlanek gorputz adierazpenetik beste baitute literatura zein poesiatik.

Baina goazen atzera, idazten zuena erakusteko gogoz zen 18 urteko Guillan gaztea Momoldigipodoak literatura taldera lerratu zenekora. «Fanzine bat ateratzen hasi ginen eta, Mikelazulo ireki berria zela, ea han saltzen utziko ziguten galdetzera joan ginen». Utzi zieten, noski, eta ez hori bakarrik: bertan errezital bat egitera animatu zituzten. «Guri ez zitzaigun burutik pasa ere egin publiko aurrean irakurtzearena, baina animatu ginen, egin genuen errezitaldia, eta engantxatu egin ginen oholtzarekin», ziurtatu du.

Ordutik bi hamarkada joan dira, baina Guillanen imajinarioa beti itzultzen da hastapenetara, Oreretako Mikelazulo den sormen laborategiak eman dizkion bizipen eta irakaspenetara. «Mikelazulo artista eta diziplina artistiko ezberdinen elkargune, bidegurutze eta topalekua zen eta jende asko ezagutu genuen han, pintoreak, musikariak... Mikelazulo izan da laborategi oso basati bat», laburbildu du, eta han hasitako bidetik munduan barrena –Senegal, Kasamanze, Bosnia, Sahara...– antzerki proiektu ezberdinak garatu eta hainbat ikastarotan hartu du parte.

Antzerkiari emana bada ere, ez du sekula titulazio ofizialaren beharrik sumatu. Bere eskola kalekoa izan da, lehen lerrokoa. «Nahiko autodidakta izan naiz, eta denborarekin konturatu naiz izan dudala eskola bat ordezkaezina, oso esker onekoa eta praktika kalitate ikaragarrikoa. Hemen ikasi ditugun gauzek sekulako basea eman digute», ziurtatu du.

Oinarri hori baliatzen du Metrokoadroka kolektiboan. Ohiko konpainia egituratik aldenduta, esperimentazio ez-hierarkikoa dute abiaburu, kolektibitatea, komunikazio bide berriak urratzea. «Ez zait gustatzen autore edo testu sakratuaren figura. Oso gutxitan abiatzen gara testu batetik. Nik idazten dut sormen prozesu batean gertatzen dena eta forma ematen diot, idaztea ez baita bakarrik hitzak biltzea, idaztea da argiak, mugimenduak... antolatzea». Hala egin zuten orain bira amaitu berri duen “Miss Karaoke”-rekin ere. «Berrogei orriko testu bat bazegoen, dirulaguntza batetik zetorrenez behartzen nindutelako testua modu klasikoan idaztera. Baina aktoreei esan nien ‘irakurri’, irakurri zuten, ‘eta orain hau zakarretara doa’, esan nien, ‘ez dugu hori egingo, orain hasiko da benetako idazketa’». Lan hartan identitatearen gaineko gogoeta planteatu zuten, gorputz eta hizkuntzarekin kateatuta. «Gertatu zitzaidan ikusi nuenean azken emaitza identifikatua sentitu nintzela, hasierako arima hura hor zegoela; eta, aldi berean, aktoreek oso berea sentitzen zuten, beraiek emandakotik asko duelako. Idaztea niretzat dialogo bat da, inprobisazioak badakartza bakarka sekula imajinatuko ez genituzkeen ideiak».

Antzerki-idazle bezala, inoiz “krisialdirik” izan duela aitortzen du, «zure egoarentzat ez baita erraza hori enkajatzea», eta, hasieran, literaturatik antzerkirako bidea «konflikto» bezala bizi zuela ere ekarri du gogora: «Baina gero konturatu nintzen denak elkar osatzen duela, batzuetan bakarka egon eta liburu bat idaztea ondo datorkidala, eta antzerkiak beste zerbait duela. Eta ondo dagoela horrela izatea». «Benetan eramaten uzten bazara –jarraitu du hausnarrean– antzerkitik gauza zoragarriak ikasten dituzu, eta lortzen baduzu zure egoa talde-ego bilakatzea, ikasbidea da».

Literaturaren eta antzerkiaren arteko bizikidetzari neurria hartuta «erlaxatuago» dagoela dio eta orain, testu baterako ideia bat, irudi bat, datorkionean, zer forma hartuko duen sekula ez dakiela dio. «Gero eta nahasiago etortzen zait dena. Idazten hastean ez dakit narrazio moduko bat izango den, diario zati bat edo poema bat. Kosta egiten zait literatura eta sormena modu estankoan ulertzea, ze, gure antzerkia ere zer da? Poesiatik dator, baina ez da errezitaldi hutsa... Literaturan ere transgenerotasun bat beharko litzatekeela uste dut, ze oso laukiak gara, sormena mugatu egiten dugu kanon batzuetan enkajatzearren». Guillan hortik askatzen ahalegintzen da, eta plazer txiki bat sentitzen du euren antzezlanekiko erreakzioak biltzean: «Iruditzen zait jende bat kabreatu egiten dela, euren kanonetan ez sartzea mehatxu bezala bizi dutela. Baina erreakzio hori interesgarria da, kasik horretan jarraitzeko gogoa pizten dit, batzuetan gustatzen zaidalako probokazioa ere».

«Gelditzeko» beharra

Azken urteetan identitatearekiko kezkak gidatu ditu bere sormen lanak. «Segur aski obsesio batzuk beti daude hor, agian urteekin modu agerikoagoan irten direnak. Uste dut Susarekin lehen poesia liburua argitaratu nuenetik gai ardatz batzuk finkatu zirela eta, kuriosoa da, baina batzuetan sentsazioa dut nire lehenengo bi poesia liburuetan dena dagoela. Azken hamar urteetan egin ditudan antzezlanen nolabaiteko aurkibidea dira, etengabe bueltatzen naiz liburu horietara». Iaz Cafe Bar Bilbao saria irabazi zuen “Hero ia” antzezlana, adibidez, aipatzen duen “Eskuen sustraiak” (Susa, 2009) liburuko poema batetik sortu zuen.

Poesia, baina, ez da bere bizitzako ardatza izan azken urteetan. «Aspaldi zen poesia idazteko gogorik ez nuela sentitzen. Ez dut bulkadarik izan idazteko edo poesia liburu batean modu hertsian pentsatzeko, nahiko urrun sentitu dut literatura genero modura. Eta orain, geratzeko beharra sentitu dudala, bueltatu egin zait grina, segur aski proiektu berriak imajinatzeko poetika berri baten beharra sentitzen dudalako».

“Aurkibide berriak” sortzeko beharra sentitzen du, «gelditzekoa», nahiz eta ez dakien oso ondo zer den gelditzea. «Akaso izango da gero eta proiektu sendoagoak egiten ditugunez gorputzak eskatzen dizula proiektu gutxiagotan aritzea baina modu intentsoagoan», aipatu du, esku artean zortzi proiektu batera izatera iritsi den garaiak gogora ekarriz.

“Miss Karaoke” antzezlanarekin, baina, hiru urte osoko elkarbizitza egin du, eta zentzu horretan «ziklo baten itxiera» datorrela dio. «Hiru urtean gauza piloa egin ditugu, antzezlanak, performanceak, nik bizpahiru liburu kaleratu ditut... eta dena egon da oso interkonektatuta kreatiboki. ‘Mister Señora’ liburuak zerikusia zuen ‘Miss Karaoke’-rekin, ‘Zauri Bolodia’-n ere bazegoen hortik, eta Metrokoadrokan landu diren hainbat kontu edo lan egiteko modu antzeko imajinario batean egon dira. Orain agian momentu polita da geratu eta ikusteko, etapa berriak imajinatzeko».

Zentzu horretan, antzezlanaren azken emanaldia festa batekin amaitu izana adierazgarria dela uste du: «Gu bezalako konpainiek ez daukagu laguntzarik, zirkunstantzia asko eman behar dira proiektu bat oso modu indartsuan aurrera ateratzeko, energia generatu, sinergiak, konspiratu... sekulako esfortzua da lana mugitzea ere, lortzea ‘Miss Karaoke’ bezalako lan batekin antzoki garrantzitsuetara iristea».

Arriskatzeko ausardia

Zentzu horretan, antzoki handiekin «bi gauza» pasatzen direla uste du. «Bat: dirulaguntzen sistema Euskal Herrian muntatua dagoen bezala modu jakin batean funtzionatzen duten konpainiek erraztasun gehiago dituzte beste batzuek baino, eta hori da etengabe salatzen duguna: hori berrikustea, guretzat handicap handia baita». Baina dena ez denez ez beltz ez zuri, txanponaren beste aldeak ere badu zer hausnarturik: «Eta, bi: ‘betikoak’ ez diren konpainia asko dago antzokietan, baina ez gara enteratzen edo publiko bezala ez gara arriskatzen talde ‘berriak’ ikusten eta erlaxatuta joaten, ze, permititzen diogu euskarazko teatroari ezberdina izaten?». Guillanen iritziz, euskarazko antzerkiari ez zaio eredu konbentzionaletatik irtetea baimentzen, «euskaraz modu jakin bateko gauzak nahi ditugulako, mezu jakin batzuekin eta zentzu politiko jakin batean», gaitzetsi du.

Euskal kultura kontsumitzeko unean irekidura eskatu du «ze, adibidez, asko gustatzen zaigu Laboaren lekeitioei edo Artzeren hasierako garaiei buruz hitz egitea, baina, gaur egun hasiko balira, inork egingo lieke kasu? Nik zalantzak ditut».

Euskarazko olatu berria

Prekaritateak ere gogor kolpatzen du sektorea, batez ere Hegoaldeko herrialdeetan. «Hemen oso lotuta gaude Estatu espainoleko sistemarekin, nahi genuke europarrak izan baina ez gara –eta ez dut Europa idealizatzen inondik inora–, eta egia da Ipar Euskal Herrian lan egoera oso bestelakoa dela, hemen alboan baditugula lagunak laguntza askoz gehiagorekin. Baina horrek ez du kentzen han euskara baztertura, marjinatua egotea», gogoetatu du.

Hego Euskal Herrian «kulturaren kultura» falta da Guillanen hitzetan, baina gogoz eta gogor lan egin eta proposamen landuak dakartzaten kolektiboak badaudela uste du, eta alor hauen gaineko gogoeta gero eta ozenagoa dela. «‘Prekaritate’ hitza ez zegoen lehen horrenbeste mahai gainean, orain bai, eta hori seinale bat da». Bestetik, euskal antzerkian aldaketak sumatzen ditu: «Olatu berri bat dagoela oso argi ikusten dut, euskarazko teatroak beste indar bat dauka, gero eta talde gehiago daude euskara hutsean lan egitea erabakitzen dutenak eta horrek emango ditu emaitzak».

Izan ere, Guillanentzat antzerkiak beti izango du etorkizunik. Arte adierazpen bezala, antzerkiak malgutasuna eta diziplina oro bateratzeko gaitasuna frogatuak dituelako. Horregatik du horren maitea Guillanek: «Liburu batean ilustrazioa, idazketa eta, akaso, disko bat sar daitezke, eta modu nahiko separatuan gainera. Baina antzerkia da arte bakarra zeinean ikusten diren hainbeste diziplina artistiko ezberdin fusionatzen direnak eta negoziatu egin behar dutenak obra bakar bat sortzeko; ez bakoitzak berea, baizik eta denek obra bera, bat eta bakarra. Argia, espazioaren lanketa, jantziak, kartelgintza, aktoreak, zuzendaritza, testua, hitza… eskultura eta pintura ere ikusi izan ditugu oholtza gainean, eta horiek denak eskutik helduta joatea... oso potentea da».