2019/06/10

XABIER GANTZARAIN
AZPEITIKO DINAMOKO KORDINATZAILEA

Azpeitiko Kultur Mahaiko teknikaria da Xabier Gantzarain, Arte Ederretan lizentziatua eta idazlea. Azpeitiko kultur mugimendua astintzeko xedez ari da azkoitiarra. Kultur Mahaiaren gogoetek eraman dute Dinamoa dinamizatzera eta Hitzaren Eskola eta sorgunea bera dira orain esku artean dituzten erronka handienak. Laster irekiko dute Dinamoa sorgunea, eta bertan hartu gaitu.

«Dinamoaren lana sortzaileak babestea, arreta jartzea eta lanerako lekua ematea da»
Patxi GAZTELUMENDI|AZPEITIA
0604_kul_dinamoa

Azpeitiko Soreasu antzokiaren eraikinean Dinamoa sorgunea irekiko dute laster. Bertara hurbildu gara Xabier Gantzarain arduradunarekin berba egitera, eta Hitzaren Eskolaren berri eman digu berak. Irailetik aurrera asteazken arratsaldetan eta larunbat goizetan arituko dira horretan Lorea Agirre, Igor Elortza, Gorka Arrese, Irene Arraras, Harkaitz Cano eta Miren Gaztañagaren laguntzarekin. Azpeitiko Kultur Mahaiaren ekimenetik sorkuntzan eragin nahi dute herrian.

Dinamoak energia sortzen du, kultura baina zelan sortzen da?

Oso kontuan hartzekoa iruditzen zaigu Raymond Williamsek esandakoa: Bizia den bitartean, kultura bat beti da ezezaguna neurri batean, egin gabea. Komunitate baten eraketa beti da esplorazio bat, kontzientziak ezin baitu sorreraren aurretik joan, eta ez baitago formularik esperientzia ezezagunentzat. Hau dela eta, komunitate on batek, kultura bizi batek, ez bakarrik bere baitan hartu, baizik eta aktiboki babestu ere egingo ditu kontzientziaren aitzinatze horretan lagun dezaketen guzti-guztiak, behar kolektiboa den heinean. Afektu bakoitza, balio bakoitza aintzat hartu behar dugu, arreta guztiarekin; ez baitakigu zer ekarriko duen etorkizunak, eta ez gara sekula hura aberastu dezakeenaz seguru egongo.

Planifikatu daitekeena planifikatu egin behar dugu, gure erabaki kolektiboaren arabera. Baina kulturaren ideiak ondo gogora ekartzen digun bezala, kultura funtsean planifikaezina da. Bitartekoak bermatu behar ditugu bizitzeko, bitartekoak komunitatearentzat. Baina ezin dugu jakin, eta ezin dugu erabaki, zer biziko dugun bitarteko horiekin.

Dinamoaren lana sortzaileak babestea da, arreta jartzea, lanerako lekua ematea, baliabideak eskura jartzea, giro egoki bat sortzea, askatasunetik eta errespetutik. Horrela sortu nahi dugu kultura.

Kultur Mahaia Azpeitian bultzatutako ekimena da, zein izan da bilakaera?

Azpeitiko Kultur Mahaian aspalditik genuen identifikatuta sormenari bide emango zion gune baten beharra. Gainera, sormena eta transmisioa izan ditugu lan ildo nagusiak azken urteotan eta pixkanaka ontzen joan gara sormen gunearen proiektua. Kultur Mahaiaren filosofia parte-hartzaileari jarraituz eta Azpeitiko Udalarekin elkarlanean abiatu genuen proiektuaren lanketa 2016an. Parte-hartze prozesu zabal eta luze baten ostean zehaztu genuen proiektua herriko sortzaile eta kultur taldeekin, Soreasuko eraikina eraberritu du Udalak, eta laster irekiko dugu Dinamoa sormen gunea.

Baduzue antzeko erreferentziarik maila lokalean?

Herrian eta inguruetan ez, baina Euskal Herrian badira hainbat sormen gune interesgarri, kanpoan ere bai beste asko, jakina, eta beti egoten da gustuko ereduren bat, beti dago nondik ikasi. Hurbilekotzat eta interesekotzat jotzen ditugun sormen guneekin elkarlana bilatzea da gure asmoetako bat, sarea egiten joatea.

Orain arte hitzaldiak, jardunaldiak antolatu izan dituzue. Hitzaren Eskola eman duzue ezagutzera berriki, zertarako?

Dinamoak lau eremu ditu: Soinua, Gorputza, Irudia eta Hitza. Eremu bakoitzean proiektu ardatz bat dugu, eta Hitzaren Eskola da bat. Ikusten genuen hitza alderdi askotatik dagoela hartzea eta lantzea, ez literaturatik edo bertsolaritzatik soilik, gure eguneroko bizitza bera egituratzen duela, eta alderdi horiek guztiak eskola bakarrean batuta ikuspegi kaleidoskopiko bat ematea daukagula, gaurko mundua kontatzeko egokia izan litekeena.

Zelan doa izen ematea Hitzaren Eskolan?

Oso ondo, molde desberdinetako jende asko ari da izena ematen, eta gustura gaude. Era batera edo bestera hitza bere jardunaren ardatzean daukan euskaldun oro animatu nahiko genuke. Bai gu eta bai eskolak eman behar dituztenak gogoz gaude, esku artean proiektu ederra daukagula sentitzen dugu eta.

Hurbileko eta interesekotzat ditugun sormen guneekin elkarlana bilatzea da gure asmoetako bat, sarea egiten joatea.