2019/06/11

Onomastika ondarea babestu eta gizarteratu beharraz ariko da Euskaltzaindia
GARA|GASTEIZ

Euskaltzaindiak izenak normatibizatzeko eta gizarteratzeko prozesua aztertuko du Gasteizen, ostegun eta ostiralerako antolatu duen Nazioarteko Onomastika Jardunaldian. Euskaltzaindiak mendeurrenaren baitan antolatzen duen zazpigarren jardunaldi akademikoa izango da, Gasteizko Europa jauregian egingo dena “Onomastika-ondarea babestu eta gizarteratu: han-hemengo esperientziak” izenpean.

Roberto Gonzalez de Viñaspre euskaltzain eta jardunaldiko koordinatzaileak hori guztia «ikuspegi zabalez» egingo dela zehaztu zuen jardunaldiaren aurkezpenean. «Onomastikaren ikerketatik abiatuta, izenak normatibizatzeko eta gizarteratzeko prozesua aztertu eta horretaz gogoeta egin nahi dugu», esan zuen Gonzalez de Viñasprek. Euskal Herriko onomastika-lanak eta proiektuak ardatz hartuta, beste toki batzuetako «errealitateak eta esperientziak» ere gertutik ezagutzeko parada izango dela gaineratu zuen euskaltzainak.

Hamazazpi hizlari

Guztira hamazazpi hizlarik parte hartuko dute ekaineko jardunaldian. Besteak beste, Patxi Salaberri, Franco Finco, Elena Martinez de Madina, Stefan Ruhstaller, Vincenç Riviere, Herve Gwegen eta Roberto Gonzalez de Viñaspre bera izanen dira biltzarrean.

Gainera, jardunaldiaren baitan hiru lan aurkeztuko ditu Euskaltzaindiak: Euskal Onomastika Datutegi (EODA) berritua, pertsona-izendegi berritua eta kale eta karrika izenen eskuliburua.

Aurrekoen antzera, jardunaldi hau ere doakoa da, streaming bidez eskainiko da Akademiaren Youtubeko kanalean, eta aldi bereko itzulpena egongo dela ere aurreratu dute antolakuntzatik.