2019/06/12

Bi urteko ibilbidea bete du Gasteizko ARTgia sorguneak

Gasteizko kulturak gune berri bat lortu zuen ARTgia proiektuak ateak ireki zituenean. «Gaztetasuna, emakumezkoen taularatzeak eta esperientzia eskutik helduta»; horiexek lan ildoak. MICE, Belen Nevado eta Alba Tojo izango dira protagonista urteurren-ospakizunetan.

GARA|GASTEIZ
0612_kul_artgia

Bi urte bete ditu ARTgia sorgune aretoak. «Orokorrean Arabako eta bereziki Gasteizko kulturarentzat espazio berri bat irabazteko asmoz sortu genuen», gogoratu du Irantzu Lekue artista plastikoak.

Proiektua abian jartzeko Judimendi auzoko 62 metro koadroko lokal bat goitik behera eraberritu eta, urtebeteko lanaren ostean, sorkuntza artistikorako espazioa eta aldi berean erakusketa-areto den kulturgunea sortu du, ARTgia taldearekin batera.

ARTgia «etengabeko eraikuntzan» dagoen espazioa da, «gardena, malgua, non dena gerta daitekeen», eta espazioaren helburuak zeintzuk diren garbi du gunearen zuzendariak.

«Sortzeko baldintzak bultzatzea, toki katalizatzaile bat izatea, trukeak, elkarrizketak eta esperimentazioa bultzatzeko, sormena oinarri eta sorkuntza garaikidea helburu». «Gaztetasuna, emakumezkoen taularatzeak eta esperientzia eskutik helduta». Hala laburbildu dute ARTgia kultur espazioko arduradunek ekaineko agendak «momentuz» barne hartzen dituen proposamenek oinarrian bateratzen dutena.

Ospakizunak

Urteurren berezi hau ospatzeko egitarau zabala osatu dute. Datorren astelehenean Alba Tojo Rico (Murgia, 1996) artista arabarrak bere lehen erakusketa indibiduala aurkeztuko du. «Pinturaren eta collagearen arteko muga non dagoen bilatzen saiatzen naiz, aurpegien esperimentazioaren bidez irits daitekeen tokia bilatuz. Figuratibo eta ez figuratiboaren arteko mugan daudenak, baita giza eta animalia itxuraren artean ere», azaldu du zuiarrak.

Teknika tradizionalen –plastiko eta eskuzkoa– eta berrien nahasketa, esperimentazioa, lantzen du artista gazteak. Lekuek haren lanaren kalitatea nabarmendu du: «Neguko arte azokan bere lanaren lagin bat ezagutu genuenetik argi izan genuen bere lehenengo erakusketa hemen izatea nahi genuela».

Bestalde, Alba Tojo Rico-ren artelanak ikusgai dauden bitartean, “Altxa eta zutik egin txiza” ikuskizuna aurkeztuko du Belen Nevado Gasteizko antzerkigileak; «aldea dago esatetik egitera», aitortu du umoretsu.

«Emakume batek zutik txiza egitea ez da soilik matxinada ekintza bat, osasungarria eta higienikoa ere bada, eta parrandako isurkariak libratzeko kalean leku bat bilatzeko estutasunetik ateratzen zaitu». Tojoren erakusketa ekainaren 17tik 27ra egongo da ikusgai.

Nevadok azaldu duenez, mikro-lan honen asmoa «ez da uholde kirasdun honekin bat egitea, baizik eta ezarritako kode sozial hori, non geu garen beste behin ere itxura onari eutsi behar diogunak lehertu arte, haustea». «Umorea –tresna ezinbesteko hori– erabiliz, ‘Altxa eta zutik egin txiza’-k adierazten du aparteko leku batean txiza egiteak arriskupean jartzen gaituela, ezin baitugu ahaztu hiri honetan bertan, guk dakigula, salaketa bat egon zela iaz, neska batek erasoa eta bortxaketa saiakera jasan zituela Andre Maria Zuriko festetan, txosnagunetik kanpo txiza egiten ari zela. Erasotzailea zigorrik gabe irten zen auzitik, epaileak ebatzi zuelako neska txiza egiteko jarreran makurtuta egotea probokazio ekintza bat zela», adierazi dute.

Hala kantatu zuen “La seta pasote”-k, emakumez osaturiko gasteiztar punk/rock taldeak, 1997an: «Kalean tipa batek ezin txiza egin, epaileak probokaziotzat du, bortxatzeko eskubidea daukate». Ekainaren 18, 19, 20, 21, 22 eta 23an eskainiko ditu emanaldiak, 20.30 eta 21.30ean.

Miren Narbaizaren taldeak, MICEk, ere jarriko du musika, hilaren 18an, 20.00etan.