2019/06/13

ANDONI UGALDE
PILOTARIA

Itxaropen handiz eta ilusioz gainezka egin zuen, duela hiru eskas, profesionaletako debuta Andoni Ugaldek. 24 urte bete aurretik, ordea, Aspeko ibilbidea amaitu zaio oiartzuarrari, enpresak beste gazte batzuei leku egin behar omen dielako. Penaz doa, baina lasai, bere esku zegoen guztia eman duelako.

«Penatuta noa, nire topea zein den jakin gabe noalako»
Jon ORMAZABAL
0613_kir_pilota

Beasainen jokatuko du, igande honetan, profesional mailako bere azken partida aurrelari gipuzkoarrak.

Azkeneko partidak dituzu profesionaletan. Zer pentsamendu dabilzkizu buruan?

Bueno, arraro samarrak. Badakizu hau amaitzera doala, azken partidak direla… ondo bukatu nahi duzu baina ez dira jokatzeko partida errazak eta ahalik eta hobekien egiten saiatuko gara.

Motibatzea kosta egingo da, ala?

Bai, aldatu egiten da dena; azkenean badakizunean bukaera datorrela, eta nahi ez duzun bukaera bat denean, motibazioa eta ilusioa galdu egiten dira. Ez dira partida errazak, baina ahal dugun ondoen egiten saiatuko gara.

Kontratua ez berritzea enpresaren erabakia izan da?

Bai, hala izan da. Enpresak erabaki hori hartu du eta halaxe.

Nola hartu zenuen erabakia, kolpe handia izan da edo espero zenuen?

Kolpea azkenean, ze 24 urterekin nire burua oraindik gehiagorako ikusten nuen, jokatzeko ikusten nuen neure burua, baina enpresak erabaki hori hartu du eta hori dela-eta motibazio eta ilusio pixka bat galduta, baina bueno, aurrera jarraituko dugu eta ez dago besterik.

Esan duzuna, 24 urterekin pilotan jarraitzeko sasoian zaude eta pilota asko geratzen da, ala?

Bai, eta nik neure buruari hobetzeko marjina handia ikusten diot, progresio handia, baina hemen bukatzen da eta esandakoa, beste gauza batzuetan hasi beharko dugu orain.

Kontratua ez berritzeko arrazoi zehatzen bat eman dizute?

Azkenean ez dutela nirekin kontatzen, beste batzuk sartu behar dutela eta horixe.

Zer falta izan zaizu maila nagusira egokitzeko, konfiantza, jarraitutasuna, zortea?

Nik nire aldetik dena eman dudala uste dut; ahal izan dudan guztia eman dut, baina bai, egia da igual erregularra ez naizela izan; momentu onak izan ditut baina txarrak ere bai eta orduan hiru urte hauetan ez dut uste erregularra izan naizenik ere.

Honetan edo hartan huts egin duzun esan dizute?

Ez, ez dutela nirekin kontatzen eta beste debut batzuk datozela, beste pilotari batzuk, eta tokia egin behar dela.

Badira material mota honetara-eta moldatu ezin izan diren pilotariak. Zure kasua izan da?

Ez nuke esango. Egia da azken urtea zaila izan dela, eskuetatik arazo dezente izan ditut, baina ez dut uste materialarekin-eta arazorik izan dudanik. Nik uste, gaur egun pilota dagoen bezala, zaila dela; momentuko errendimendua bilatzen da eta 24 urterekin nik uste dut gehiago egiterik banuela.

Denbora gutxian asko erakutsi behar hori presio estra bat da?

Bai, batez ere momentuko errendimendua bilatzen delako gaur egun eta, esandakoa, nik pena daukat nire topea zein den jakin gabe noalako eta pena horrekin banoa, baina alde horretatik inongo damurik gabe, nire aldetik dena jarri dut, entrenamendu guztietan dena eman dut, bai teknikoetan, fisikoetan eta psikologikoetan eta alde horretatik lasai noa.

Beste proiekturik baduzu pilota munduan?

Momentuz, egia esan, hau bukatu eta gero beste etapa bat hasiko da niretzat eta zein izango den ez dakit ziur.

Sasoia baduzu... gogorik?

Oraindik ibilbide luzea geratzen zait, oso gaztea naiz eta modu batera edo bestera jarraituko dut, baina ez dakit nola.

Oraindik ibilbide luzea geratzen zait; oso gaztea naiz eta modu batera edo bestera jarraituko dut, baina oraindik ez dakit nola