Ariane KAMIO
DONOSTIA

Harriaren lirika

Bertsolaritzari harritik eta lirikatik begiratu dio Koldo Izagirrek «Bertsoaren harria» liburuan. Euskal Herrian zehar bertsolariei eskainitako eskultura eta oroitarriak hartu ditu oinarri, 21 orotara, bertsolaritzari eskainitako obra horretan. Beste hainbeste bakarrizketa osatu ditu idazleak, dokumentatutakoaz harago hutsuneetan fikzioaren lizentzia erabiliz.

«Ez galdetu mesedez zer den ‘Bertsoaren harria’, neronek ere ez dakit oso ondo», nahiz idazleak eman dion bai liburuari bai obraren azalpenari molde liriko bat. «‘Bertsoaren harria’ (Lanku) ihartzen ez den lorea da, lizuntzen ez den ogia da, goroldiorik atxikitzen ez zaion harria da, baina aldi berean beste zerbait ere bada». 60ko hamarraldiraino joan da, aurreko mendera, garaiko eskultoreek bertsoa deskubritu zutenekora. «60ko hamarraldian gure kulturaren erakusgarri bakarra, hasieran zegoen arte modernoarekin batera, bertsolaritza zen; literaturak ez zuen ezertarako balio». Gerra aurreko modeloak liburuetan, atzera geratutakoak. «Literatura bat genuen, gai historikoak, nobela estiloz dezimononikoak, hizkeraz zaharkituak, eta bertsolaritza herri hizkeraren transmisorea izateaz gain gai berriak nolabait pasarazten zituen eta mezu interesgarriak, beste inola ere zabaldu ezin zirenak».

Koldo Izagirrek hogeita bat bakarrizketa batu ditu “Bertsoaren harria” lanean. Bertsolariek berek hitz egiten duten narrazio sorta da, haiei eskainitako eskultura eta oroitarrien arteko ibilbidea eginez sortua, ahal den neurrian dokumentaziotik tiraka osatua, bestela fikzioak ematen duen zilegitasunari atxikita. Hogeita bat baitira, Koldo Izagirrek dakiela, bederen, Euskal Herrian zabaldutako harrizko lan horiek. Hogeita bat, sei lurraldetan banatuta; guztietan bada baten bat, Araban izan ezik.

Eskultura lanon atzetik, bertsolariak bigarrenez pertsonaia publiko bihurtu zirelakoan da Izagirre. «Alegia, horien bitartez bertsolaritza osoa, ez bakarrik orduan ari ziren bertsolariak, baizik lehenago bertsolaritzan zerbait izan ziren askok beren momentua edo eskultura izan zuten». Geroztik, bertsolaritzak kontzientzia hartze prozesuan izandako garrantzian jarri du azpimarra: «Gure pozaren eta maitasun kantuen sorburu izan ziren, eta garrantzi handia izan zuten gure kantagintza modernoan ere».

Lirikotasunaz harago, obrak berak bertsolarien nekea giltzarri hartzen duela adierazi du Koldo Izagirrek. Bertsolariak, gu, bertsozaleok, jasan behar izatea, nekearen ondoren berriz ere bertsotan jardun behar izatea, gai traketsak nola edo hala aurrera atera behar izatea, kultur usteko askoren mespretxua irentsi behar izatea...». Bertsolaritza/literatura konparaziora doa idazlea. «Seguru asko, gure prentsak eta gure literaturak izan zituzten isunak bateratuko bagenitu, ez lirateke bertsolariak izan zituzten debeku, traba eta isunen erdira iritsiko».

Liburua irudia, testua, narrazioa eta bertsoa dela defendatu du Izagirrek. «Bertsolari dezentek egin dituzte memoriak eta informazio handia ematen dute ez beren buruaz bakarrik, baita lagunei buruz ere. Bertsolaritzak hori du, lagunak direla, idazleok ez bezala, eta elkarrekin egiten dute lan, askotan elkarren kontra bada ere». Eta bertsolariak eurak dira hizlari lanean, haiek idatzi dute harri horiek esaten dutena.