2019/06/14

Hezkuntza publiko elebidunak duen egoera zaila salatu du Ikas-Bi elkarteak
Idoia ERASO|baiona

Ipar Euskal Herriko hezkuntza publikoan ikasketak eredu elebidunean egiten dituzten ikasleen gurasoen elkarteak prentsaurrekoa eman zuen atzo Baionan. Ikas-Bik hurrengo ikasturteari begira Hezkuntza Nazionalak hartu dituen deliberoen gibelean arrazoi «ideologiko eta politikoak» daudela salatu zuen. Egungo egoera zailari aurre egiten laguntzeko hautetsiei gutuna igorri diete, eta erantzun batzuk ere jaso dituzte jada, sostengu osoa erakutsiz.

Gobernuaren erabakiek hezkuntza publikoan sortu dituzten arazoak bistakoak dira bi eremutan: batetik, azken asteotan zeresan handia eman duen murgiltze sistemarena dago. Gaur egun 17 eskola publikotan Haur Hezkuntza euskara hutsean ematen da, eta hurrengo ikasturterako beste hiru eskolak (Angelu, Irisarri eta Ainhoa) eredu hori ezartzeko baimena eskatu zuten. Baldintza guztiak betetzen badituzte ere, lehen aldiz baimena ez ematea deliberatu du Hezkuntza Nazionalak.

Bestalde, irakasle bakoitzeko egokitzen den ikasle kopuruari dagokionez ere arazoak sortu dira; izan ere, hurrengo ikasturtean 9 eskolatan ez da beteko 2008an ezarri zen kopurua.

Gutuna hautetsiei

Gobernuarekiko negoziazioetan laguntzeko eskaerari hainbat parlamentarik eta Beñat Arrabit Euskararen Erakunde Publikoko presidente eta Hizkuntza Politikarako presidenteordeak erantzun diote, besteak beste. Jean-Rene Etchegaray Euskal Elkargoko presidente eta Baionako auzapezak, bere babesa eskaintzeaz gain, orain arte ikusi gabeko erabaki bat hartzeko asmoa duela jakinarazi die.

Thierry Delobel Ikas-Biko presidenteak hautetsien sostengua eskertu, eta «euskararekiko solidarioa den lurralde» batean daudela gaineratu zuen. Euskarazko hezkuntzan ari diren beste eragileekin kanpaina bateratua eramanen duten erabakiko dute ekainaren 19ko biltzar orokorrean.

Atzoko agerraldian, azken hilabeteetan egindako galdetegiaren emaitzak aurkeztu zituzten. Banatu 6.000 inprimakietatik 2.180 erantzun jaso dituzte. Bertan gurasoek irakaskuntza elebidunarekiko duten interesa eta konfiantza islatzen da.