A.A.
ETE LIGA

Parekotasun handiko lehia Hibaikak irabazi du

Iaz ipini zen martxan ETE Liga, eta lehen trantsizio urte hori igarota, argi geratu zen atzo, bigarren edizioaren aurreneko estropadan, erabat asmatu dutela emakumezkoen traineruen maila berri hau martxan ipinita. Pasaiako estropada parekatua izan zen, ez zen beste urte batzuetan ikusi izandako tarte ikaragarririk izan, eta horrek askoz ikusgarriago egiten du lehiaketa.

Lehen garaipena Hibaikarentzat izan zen. Errenteriakoek 11:10.98ko denborarekin irabazi zuten, azken unean Zumaiak lehen txandatik ipinita zeukan denbora onena (11:12.50) 1,52 segundoan hobetuz. Emozio ikaragarria, beraz, lehen bi sailkatuen artean, baina hurrengo sailkatuekiko ere aldeak ez ziren batere handiak izan, aurreneko bostak hamar segundo azpitik sartu ziren: Deustu izan zen hirugarren 5,58 segundora, Kaiku laugarren 7,92ra eta Tolosaldea bosgarren 9,36ra.

Parekotasun horrek aurrera begira jarraituko duen ala ez gaur bertan ikusiko dugu, bigarren jardunaldia, I. Adegi Bandera, 11.30ean hasiko baita Pasaian bertan, badia barruko eremuan. Atzo bezala, bi ziaboga egin beharko dituzte ontziek, San Pedro parean hasi eta badia barruan amaituz.