A. G.
ETE LIGA

Hibaikak soilik eutsi dio Tolosaldearen lan onari

Hibaikak ETE Ligan zeresanik baduela erakutsi du aurreneko asteburu honetan. Larunbatean erlojuaren aurka kostata garaile izan bazen, atzoko I. Adegi Banderan nagusi izan zen “Madalen” ontzia, nahiz eta ustekabeko arerio gogorra atera zitzaion Tolosaldearekin. Bigarren txandan egin zuen arraun Tolosaldeak eta bigarren amaitu zuen, Hibaikarengandik lau segundo eskasera.

Haizeak eta korronteak izan zuen makina bat zeresan azken emaitzan. Txandek aurrera egin ahala, haizearen indarra handituz joan zen. Horren aurrean Zuriñe Rodriguez patroiaren gidaritzapean aritu zen Hibaika izan zen ondoen moldatu zena. Errenteriakoek Deusturekin lan oso gogorra izan zuen aurreneko luzean, baina ziabogan bizkaitarrak baino finago aritu zen.

Hibaikak hanka egitea lortu bazuen, bigarren posturako borroka latza izan zen handik aurrera. Batetik, atzetik aurrera egiten asmatu zuen Zumaia, eta, bestetik, ziabogetan asmatu ezinik ibili zen Deustu. Alabaina, haizearen laguntzaz eta bere lan apartari esker, Tolosaldeak bigarren postua lortu zuen, baita datorren astebururako ohorezko txandan branka sartu ere.