2019/06/21

Maria del Rio
Zuzenbidean doktorea
Zigor iraunkorra, sistemaren porrota
Aldaketa bereziki kualitatiboa da: espetxean dagoenaren erabateko ziurtasunik eza eta segurtasun juridikorik eza

Lau urte pasa dira espetxealdi iraunkor berrikusgarria indarrean sartu zenetik eta, oraindik ere, oso maiz izaten ditugu zigor honen gaineko berriak. Areago, sarritan are gehiago erabiltzeko proposamenak entzuten dira. Hauteskunde orokorretan eztabaidagai bihurtu zen, eta aste honetan bertan gai honen inguruko zenbait erreferentzia izan dira.

Zehaztu gabeko zigor honen beharrik ez dagoela, ez baitu justifikaziorik; baina sortzen duen eztabaidaren oinarrian galdera zehatza dago: giza eskubideak errespetatzen al ditu? Galdera horri erantzuteko gakoa ezarritako berrikuspen sisteman eta horren exekuzioan dago. Izaro Icuzak gaur defendatzen duen doktorego-tesian sakonki aztertzen du gaia.

Oso denbora luzeko espetxe zigorrak ez dira espetxealdi iraunkor berrikusgarriarekin batera sortu, aurretik ere Zigor Kodean baziren horrelakoak. Zenbaitetan, betirako kartzela-zigorra bihurtzera heltzen zirela. Zein da orduan zigor berriak dakarren ezberdintasuna?

Aldaketa bereziki kualitatiboa da: espetxean dagoenaren erabateko ziurtasunik eza eta segurtasun juridikorik eza. Zigortuak ez du bermatuta izango libre aterako den datarik; hortaz, bere bizipena, halabeharrez, oso bestelakoa izango da. Hori dela eta, behinik behin ebaluazio sistema eraginkorra izatea funtsezkoa da, baina tamalez ez da Zigor Kodeak ezartzen duena. Hasteko, inguruko herrialde gehienetan berrikuspena gehienez ere 15 urte bete ostekoa da, ez hemen bezala, gutxieneko 25 urteko espetxealdiaren ondoren egiten baita. Bestetik, espetxeratuak ez du jakiterik noiz eta nola izango den berrikuspena, oso konplexua eta zehaztugabea baita. Gainera, ez zaio eskainiko baliabide nahikorik eta berariazkorik berrikuspena gainditu ahal izateko.

Finean, Konstituzionalak oraindik iritzirik eman ez badu ere, ezarritako sistemarekin garbi dago, arriskugarritasuna alde batera utzita, oso zaila izango dela edonorentzat espetxetik irtetea. Gizarteratzeko aukerak, beraz, zeharo galtzen dira. Ez al zen hori sistemaren azken helburua?