Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

Emakume bertsolarien boteretzearen gakoak, ingelesez

Bertsolaritza aitzakia hartuta, emakumeek lehen munduan orokorrean, eta euskal gizartean zehazki, berdintasuna lortzeko topatzen dituzten arazoen berri ematen du ingelesez argitaraturiko lanak. Nevadan bertsolaritzaren inguruan egindako kongresu batean du iturburua lanak eta bertan parte hartu zuten hizlariek artikuluak idatzi dituzte ekarpen gisa.

Nevadako Unibertsitateak emakume bertsolarien inguruko ikerketa-liburu bat argitaratu du ingelesez. Berritzailea da, gaiari buruz hizkuntza horretan argitaratu den lehen argitalpena delako. Xabier Irujok eta Iñaki Arrietak koordinatuta, hainbat bertsolari eta historialariren testuak biltzen ditu “Female improvisational poets. Challenges and achievements in the twentieth century” lanak (Emakume poeta inprobisatzaileak. XX. mendeko erronkak eta lorpenak).

Bertan jasoak dira Miren Artetxe, Oihana Iguaran, Maialen Lujanbio, Jone Miren Hernandez, Caroline Dufurrena eta Joseba Zulaikak gaiaren inguruan egindako ekarpenak. Liburuaren iturburua Nevadako Elko hirian egindako bertsolaritzaren gaineko kongresu bat da, herrialdeko country poesiaren urteroko saio baten baitan egindakoa.

«Kongresuak sekulako arrakasta izan zuen. Bertatik bi liburu idazteko eta beste kongresu bat antolatzeko materiala» atera zela adierazi zuen Xabier Irujo historialari eta Nevadako Center for Basque Studies-eko zuzendariak. «Gogoeta asko sortu ziren», aitortu zuen.

Bestalde, esan zuenez, ez da hau Nevadako Unibertsitateak bertsolaritzari buruz plazaratu duen lehen liburua, hirugarrena baizik. Aitzitik, emakume bertsolarien borroka jorratzen duen lehena da, eta ez da bakarra izango. Hortaz, bilduma bati buruz ari garela esan daiteke.

Hala, emakumeek lehen munduan oro har, eta euskal gizartean zehazki, berdintasuna lortzeko bidean topatzen dituzten arazoen berri ematen dute liburuko artikuluek eta bertsolaritzan zein country musikan emakumeek izan dituzten erronkak mahaigaineratzen ditu.

Bertsolarien ekarpenak

Atzo Donostian egin zuten aurkezpenean Maialen Lujanbio bertsolaria izan zen –“As the tree grows, the bark cracks” artikuluaren egilea–, Txapelketa Nagusia irabazi duen lehen emakumea. Bere ustez, nahiz eta liburua gai zehatz baten ingurukoa den «ikuspegi unibertsala» du, eta Nevadako Unibertsitateak ingelesez egin izanak oihartzun handiagoa emango diola uste du. Izan ere, Amerika eta Europa osorako banaketa izango du internet bidez.

Kongresuan aipatu ziren «gauza oso interesgarrien» artean, Lujanbiok bere kide Miren Artetxe eta Oihana Iguaranen hitzaldiak azpimarratu zituen. Txapeldunak azaldu zuenez, Artetxe eta Iguaran bertsolaritzari buruzko doktorego tesiak egiten ari dira eta Elkoko kongresuan horien laburpena eginez hitzaldia eman zuten. Horren inguruko artikulu bana idatzi dute libururako; ahalduntzeari buruzko “Contemporary women bertsolari. The tale of a possible empowerment process” (M. Artetxe Sarasola) eta “Women in bertsogintza: from being a subject to being capable” (O. Iguaran Barandiaran).

Jone Miren Hernandez ikerlariak ahotsari buruz idatzitako testua (“I see a body in your voice: gendered bodies in the sound of bertsolaritza”) ere txalotu zuen «ahotsa bera nahiko kontzeptu sakon eta zabala» dela adieraziz.

Rol aldaketak

Testuingurua dela eta, euskal bertsolaritzaren eta AEBetako country poesiaren arteko paralelismoak atzeman dituzte egileek. «Badaude esperientzia batzuk konpartituak direnak. Lotura batzuk daude kulturalki emakumearen papera aldarrikatzeko nahiko antzekoak direnak», esan zuen Iñaki Arrieta Renoko Unibertsitateko Euskal Liburutegiko zuzendariak.

Arrietaren esanetan, «emakumearen rola gizartean aldatzen den heinean poesiaren mundua ere aldatzen doa. Duela 50 urte ia ez zegoen emakumerik, eta gaur egun, aldiz, emakume bertsolari eta poeta country ugari daude».

Horren harira, Arrietarekin batera koordinatzailea den Irujok esan zuen liburuan aipatzen dela «emakumeen borroka handi horretan nola gertatu den jabekuntza hori, nola iritsi garen egungo egoerara. Nahiz eta egoera hori ideala ez den, hobetzeko zer dagoen ikus dezakegu».

«Liburuan biltzen diren testuak ez dira arrazionalak eta akademikoak soilik, emozionalak ere badira. Artikulu bereziak dira, liburua asko aberasten dutenak», azpimarratu zuen.