Lander Garro
Idazlea
AZKEN PUNTUA

Agurra

Koldo Izagirrek bikainki itzulitako “Idi orgaren karranka”-n, Victor Hugok Euskal Herriari buruzko kronika bitxia, laburra (laburregia), idatzi zuen. Gauza askoren artean, euskaldunon elkarri diosala egiteko ohituraz mintzatzen zen. Harriduraz aipatzen zuen, menditik zihoala, denek egiten ziotela agur, denek euskaraz, eta azkar ikasi zuela euskaraz erantzuten, ohartua zelako, nonbait, euskaldunei euskaraz agur esanez gero, esker onez erantzuten zutela. Baina kontua ez da horrenbeste hizkuntza, ez bada hurkoa ikusi orduko, harekiko begirune modukoa azaltzeko bultzada hori. Bultzada ederra, bide batez esan dezagun. Zergatik esan agur ezagutzen ez duzun hari, mendi puntan aurkituz gero? Ba besterik gabe: errespetua, atxikimendua, begirunea agertzeko. Bizikletan usu ibiltzen garenok ongi dakigu ohitura horren berri, beti esaten diogu elkarri agur, eskua heldulekutik kenduta. Ohitura polita da, ezta? Ordea, ez da berdin gertatzen gaur egun oso bogan jarritako kiroletan, adibidez runnigean, non jendeak hurkoa topatzen duen, bera bezala praka estuekin, elkarri inolako kasurik egin gabe. Batek esan dezake normala dela: ezagutzen ez duzunari aurpegira begiratu ere egin gabe pasatzea. Baina niri halako karranka sortzen dit, zer nahi duzue. Zerbait telurikoa izango da, bizitzarekiko ikuspegi erromantikoa... Baina zer da bizitza erromantizismorik gabe?