KAZETA
BASUSARRI
Elkarrizketa
PAUL BAUDRY
EUSKAL ELKARGOKO ETXEBIZITZA ETA HIRI POLITIKAKO KARGUDUNA

«Ezin ditugu egun ezagutzen ditugun inbasioak jasan»

Uda guztietan bezala, Estatu frantsesean urtean zehar karabanaz batetik bestera ibiltzen diren «ibiltari» edo «nomada» komunitate handiak etortzen dira Ipar Euskal Herrira. Arazo anitz sortzen ditu egoera horrek. Basusarriko auzapez eta Euskal Elkargoko etxebizitza eta hiri politikarako kargudun eta lehendakariorde Paul Baudryk MEDIABASKek gai honen inguruan egindako galderei erantzun die.

Nomada komunitateei harrera egiteko zertan da Euskal Elkargoa?

Lehenik, jakin behar da Euskal Elkargoa sortu aitzin, ez zela arazo honi buru egiten zion hiri edo herri elkargorik. Egituratzen ari zen garaian, Elkargoak talde hauen etorrera kudeatzen duen zerbitzu bat sortu zuen. Alta, errealistak izan behar dugu eta onartu gauzak beti ez direla nahi genukeen bezala martxatzen.

Egia da Departamenduko egungo plana ez dugula betetzen, baina azken hau erabateko berrikuspen egoera batean da. Ondorioak urte bukaeran aurkeztuko ditugu eta ondotik txosten berri hori bete beharko dugu, zeinak herri edo sektore mailan ‘ibiltari’ kopuru handietarako beharrezko eremuak ezarriko dituen.

Bitartean nola antolatzen da nomaden harrera?

Epe laburrean, Elkargoak behin-behineko lur eremuak bilatu ditu, herriekin egindako akordioen bidez edo pribatuki, ezagunak zaizkigun etorrerei erantzun bat emateko. Hazparnen eta Arrangoitzen partikularrekin bi hitzarmen izenpetu dira. Herriek ere lurrak jarri dituzte, egiazki ttipiagoak, baina berrogeita hamar karabana hartzeko gisan.

Departamenduaren eskema berria 2019ko hondarrean finkatuko da. Hortik aitzina, noiz uste duzu Elkargoa legearen arabera egokitu ahal izanen dela?

Ahal bezain fite, espero dut. Hautetsi guziak egoeraren urgentziaz jabetzen direlakoan naiz. Ezin ditugu egun ezagutzen diren inbasioak jasan. Behin Elkargoa legeari atxikia delarik, komunitate horiek adostu gabeko eta horretarako planifikatu ez diren lekuetan instalatzen badira, Estatuko zerbitzuek errazago jokatu ahalko dute.

Memento honetan Senperen gertatzen den bezala, komunitate hauek zergatik instalatzen dira proposatu ez zaizkien lur eremuetan? Ez al daude beren beharretara egokiturik?

Lehenik eta behin, taldeek hilabete bat edo bi aitzinetik jakinarazi behar dute badatozela eta aipatu duzun taldeak ez zuen hori egin. Zorionez, Arrangoitzeko eremua erabilgarri genuen eta bertara ekarri genituen. Aitzitik, belarra sobera altua ez zelakoan, gauaren erdian joan egin ziren, eta Angeluko hondartzak inbaditu zituzten. Bistan denez, epaileak handik ateratzeko eskatu zuen eta joan den igandean alde egin zezaten poliziarekin elkar aditze bat izan zen.

Arrangura da Senperen baimendu gabeko lurrak okupatuz egoera berbera sortu dutela. Arazoak sortzen dituen hautu bat da; are gehiago memento honetan, heldu den asteburuan herriko bestak izanen direlako. Arrangoitzeko lur eremua lau hektareakoa da. Belarra sobera altua ez izatea ulertzen dut, baina pentze bat izaten segitzen du.

Egun, zenbat karabana har ditzake Ipar Euskal Herriak bere lurraldean?

Ditugun leku guziak kontuan hartuz, guti gorabehera 500 karabana hartzen ahal ditugu. Lau edo bost talde arazorik gabe instalatu daitezke. Baina abisatzen ez diguten taldeak kudeatzeko egiazko zailtasunak ditugu. Eremu bakoitzaren egutegi bat egin dugu ‘ibiltari’ komunitateak hobeki egokitu ahal izateko. Aurtengo arazorik handiena da abisua eman gabe etorri eta salbaiki instalatzen direla.