2019/07/11

Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea
Musikaren kuantifikazioa

Beharrezko edo ez, nor eta zer den musikaria mugarritzea garrantzitsua izan daiteke, eta zeren arabera hartuko dugun musikaritzat pertsona bat. Oro har, musika jotzen duen pertsona musikaria da, ogibide izan edo ez, talde batean jo edo bakarka. Musikari guztiak, ordea, ez dira musikagileak. Ñabarduretan sartuta, interpretatzaile eta jotzaileen artean badago desberdintasuna. Musikariak kontatzea zaila da. Orokorrean, zenbat musikari dagoen jakitea hutsala da baina interesgarria iruditu ahal zaigu jotzaile edo interpretatzaile horietatik zenbat diren musikagileak, edo zenbat dauden musika taldeetan. Zenbakiak bere bakardadean ez dira esanguratsuak. Iritzi kritikoarekin begiratzen dutenek esan dezakete gauzak zenbaki hutsera eramatea akatsa dela, dena kuantifikatzea bezala. Zenbakien eta kuantifikazioaren atzean hausnarketa egoteak mesede egingo dio zenbakia ulertzeko prozesuari. Zenbat disko argitaratu diren jakitea, edo zenbat izan diren euskaraz, edo zenbat autoekoizpen, zenbat musikari ibili diren diskoetan, diskorik gabeko musikarien kopurua, eta galdera zabal edo estuagoak egiteak musikagintzaren hausnarketari erantzunak ekarriko dizkio, eta balioan jarri, gizarteak har dezan musikaria kultura transmisioaren egile eta eragile. Euskal Herriko musikarien elkartea da Musikari eta 300 bazkide ditu. Baina musika taldeetan edo bakarlari ari diren musikarien kopurua kuantifikatuko bagenu izugarrizko ezustekoa jasoko genuke, milaka dabiltzalako musikarekin.