2019/07/12

Maria del Rio
Zuzenbidean doktorea
Hutsalaren balioa
Zorrotzaurre proiektu handinahian goi mailako hezkuntzako hainbat erakunde pribaturi lekua egingo zaie, diru publikoz sustatuta. Bitartean, proiektu publikoak atzeratzen doaz

Asteon bukatu egin dira unibertsitateko ezohiko azterketak; beraz, oraingoan bai, ikasle guztiak oporretan daude, udako planak hasteko irrikatzen. Seguru asko, igaro berri den ikasturte honetan bizipen ugari izan dituzte, onak eta ez hain onak. Unibertsitateari berari ere, gauza bera gertatu zaio, berri ugari sorrarazi dituela bukatzen ari den zikloan, baina guztiak ez dira ospatzeko modukoak.

Esaterako, ikasturte honetan UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia, Medikuntza eta Erizaintza eta Zuzenbide fakultateek 50 urte bete eta ospatu dituzte. Urte horietan guztietan, euskal unibertsitate publikoa egonkortuz eta hedatuz joan da. Ostera, “Bilbo Unibertsitate Hiria” proiektuaren inguruko berriak ezagutzen joan gara tantaka-tantaka. Zorrotzaurre proiektu handinahian goi mailako hezkuntzako hainbat erakunde pribaturi lekua egingo zaie, diru publikoz sustatuta. Bitartean, proiektu publikoak atzeratzen doaz eta ikertzaile gazteek lan baldintza duinak aldarrikatzen jarraitzen dute.

Unibertsitatearen egoeraren inguruan, eta gizartean duen edo izan beharko lukeen inpaktuaren inguruan, asko da hausnartzeko dagoena, eta asko dira oraingo ikasturtean aurkitu ahal ditugun albisteak hori argitzeko. Gaurkoan, berriz, burura datorkit Ordin-en manifestua: “Alferrikakoaren baliagarritasuna”. Bizi ditugun ziurgabetasun garaiei egokitzeko beharra du unibertsitateak; halere –manifestuan argiki azaltzen den moduan– maiz eraginkortasunaren aitzakiapean akademiak analisi kritikoa garatzeko oinarriak sortu behar dituela ahaztua izaten da. Lan merkatura bideratuegiak diren ikasketek ez dituzte kontuan hartzen autonomia eta ikasnahia sustatzen duten ikasketa orokor ezinbestekoak. Alegia, ustez alferrikakoak diren ikerketak eta ikasketak izaten dira benetan baliagarriak pertsonak bere osotasunean hezteko.

Hortaz, agian kanpotik etorritako ikasleak erakartzea aitortutako lehen helburutzat duten proiektu erakargarriak eta elitistak ez dira gure hirien lehentasuna, ezta unibertsitateak izan beharko lukeen gizarte inpaktuaren adierazleak ere.