2019/07/12

Musikenek eta Renoko Unibertsitateak euskal musikaren ibilbidea aztertu dute

Argitalpenak euskal musikari errepasoa egiten dio Historiaurretik gaur egun arte, garai eta generoak aletuz. Gai zehatzak ere ikertu dituzte, hala nola emakumea euskal musikan, jazza Euskal Herrian eta musika herrikoia. Momentuz ingelesez atera dute «The History of the Basque Music», baina urtean zehar gaztelaniazko eta euskarazko bertsioak ere argitaratuko dituzte. 2014an hasi zen lankidetza harremanaren fruitua da honakoa.

Nagore BELASTEGI|DONOSTIA
0712_kul_musikene

“The History of the Basque Music” da Nevadado Unibertsitateko Center of Basque Studies-en eta Musikene Euskal Herriko goi mailako musika ikastegiaren arteko elkarlanetik sortu den liburuaren izenburua. Proiektuak Lakuaren babesa ere izan du.

Sortzaileek atzo goizeko aurkezpenean azaldu zutenez, 2014an hasi zen erakundeen arteko harremana. Josu Okiñena pianista Renora joan zen kontzertu bat eskaintzera, eta orduan unibertsitateko zuzendariak ziren Xabier Irujo eta Joseba Zulaikarekin elkartu zen. Haiek buruan zuten Euskal Herriko musikari buruzko liburu bat egitea, eta ideia aipatu zioten. «Argi genuen liburua Musikenetik atera behar zela», esan zuen Irujok.

Ideia ona iruditu zitzaion Okiñenari, eta bi urtean zehar liburuan zein gai jorratu eta horiei buruz idazteko pertsona aproposak nortzuk ziren pentsatzen aritu ziren. 2017an berriro elkartu ziren gauzak lotzeko, eta azkenean, 2018an Donostian kongresu bat antolatu zuten Musikeneko irakasle eta ikasle ohiekin eta Eresbileko kideekin batera.

Okiñenak azaldu zuenez, liburuak hamar atal ditu. Horietako zazpi euskal musikaren bilakaerari buruzkoak dira, Historiaurretik XXI. mendera arte. Beste hiruretan gehiago sakontzea merezi duten gaiak landu dituzte: emakumea euskal musikan, jazza Euskal Herrian eta musika herrikoia.

Okiñenarentzat emakumearen papera ezezaguna den arren, «funtsezkoa» izan da euskal musikan Erdi Arotik. «Konpositore handiak izan dira, adibidez, Emiliana de Zubeldia. Parisera joan zen ikastera, eta gero, Estatu Batuetan Nicanor Zabaletarekin irratsaio bat egin zuen. Mexikon eman zituen azken egunak konposizioak egiten», azpimarratu zuen musikariak. Jazzaren inguruan, berriz, aitortu zuen liburuaren koordinatzaile lanak egitean asko ikasi duela gai honi buruz, eta konturatu dela Euskal Herrian «garrantzi handia» izan duela hasieratik, nahiz eta egungo sortzaileak etortzen zaizkigun burura.

«Musikeneren izena ezaguna da musikaren esparru desberdinetan. Arlo ezezagunagoa baina garrantzi handikoa da ikerketa artistikoa», esan zuen Musikeneko zuzendaria den Miren Iñargak. Hain zuzen ere, ikerketa artistikoa landu dute liburu honetan.

Parte hartzaileak honakoak dira: eskolako ikasle ohiak diren Itziar Larrinaga eta Mikel Chamizo; Eresbileko kideak diren Jon Bagües eta Mark Barnes; eta Musikeneko irakasle eta kolaboratzaileak diren Elixabete Etxebeste, Sergio Barcellona, Isabel Dias Morlan, Patricio Goialde, Gotzone Higuera eta Josu Okiñena bera.

Liburua online erosi ahal izango da Renoko Unibertsitatearen webgunearen bitartez. Horrez gain, Ameriketako Estatu Batuetako liburutegi publiko eta unibertsitarioetan ehunka ale banatuko dituzte. Bestalde, Renok bere argitalpen guztiekin egin ohi duen bezala, bere gordailu unibertsitarioan eskegiko du eta doan jaisteko aukera izango da. Irujok esan zuenez, «bertan gordetzen diren liburuak urtean 1.000 deskarga inguru dituzte mundu osoan zehar». Urtean zehar gaztelaniazko zein euskarazko bertsioak ere argitaratuko dituztela iragarri zuten.

«Jose Antonio Arana Martijari omenaldi bat da [euskal musikaren inguruko hainbat liburu idatzi zituen berak], argitalpen erreferentzial bat izango da ingelesez, baina baita euskaraz eta gaztelaniaz ere. Estatu Batuetako erakunde batzuen eskaera jaso dugu», aitortu zuen Irujok.

Kontzertua

Aldi berean, Okiñenak gaur bertan Musikeneko auditoriumean eskainiko duten kontzertuaren berri eman zuen. Sarrera doakoa izango da, eta 19.30ean hasiko da. Musikariak Musikeneko bost irakasle izango dira, eta euskal konpositoreen lanak eskainiko dituzte.

Iñaki Alberdi soinu jotzaileak iaz A. Paulek konposatutako pieza bat eta J. Guridiren beste bat eskainiko du; Maite Arruabarrena mezzosopranoak eta Josu Okiñenak A. Donostia, J. Guridi eta T. Garbiziren pieza bana; Liana Gourdja biolinistak, F. Lavillaren sei kanta, Okiñenaren pianoa lagun duela; eta Iñaki Salvadorrek hiru jazz-piano pieza eskainiko ditu, musika herrikoiaren moldaketak eginez.

SAIL MUSIKALA


Xabier Irujok esan zuenez, sail baten lehen atala izango da liburu hau, garai edo gai zehatz bati eskainitako monografikoak egitea aurreikusten baitute.