GARA
Errenteria

Ehunka dantzari eta dantzazale elkartu dira Errenteriako Erromeria Egunean

Errenteriako Ereintza dantza taldeak berriro lortu du herriko dantzariak biltzea. Jendeak maite duen eguna da, eta halaxe dela erakutsi zuen atzo, beste behin ere, goizetik kalera ateraz. Dianarekin hasi zuten eguna, eta ondoren dantzak janariarekin tartekatu zituzten. Aiko eta Patxi eta Konpainia taldeek dantzaldi gidatuak eskaini zituzten.

Badira 21 urte Errenteriako Ereintza dantza taldeak Erromeria Eguna ospatzen duela. Hasiera batean dantzak plaza berreskuratzea zuen helburutzat festak, eta jada ezinbesteko hitzordu bilakatu da, madalenen aurretik giroa pizten hasteko.

Bertara gerturatu ohi direnak dantzariak izaten dira normalean, bai Ereintzakoak, bai dantza taldeak urtean zehar antolatzen dituen ikastaroetara joaten direnak. Halere, dantzan ez dakitenek ere gozatzen dute egunaz, egitarauko unerik garrantzitsuena arratsaldeko erromerian egiten duten dantzaldi gidatua delako. Izan ere, bertan, dantzariek jada ezagutzen dituzten pausoak egiten dituzte, baina oholtza gainetik azalpenak ematen dituzte, nola egin behar diren erakusteko, nahi duenak jarraitzeko moduan, erraza izaten da-eta. «Pausoak berritzen dituzte, eta nola egin behar diren azaltzen dute. Ez dute zailtasun handirik», kontatu ziguten Ereintza dantza taldekoek.

Goizetik gelditu gabe

Atzoko kasuan, erromeria nagusian Patxi eta Konpainia taldea aritu zen jotzen zituzten piezak nola dantzatu behar ziren esaten. Hala ere, ordurako trebatuta zeuden errenteriarrak, goizetik hasi baitzuten Erromeria Eguneko egitaraua.

10.45ean diana egin zuten herriko kaleetan, girotzeko, eta ondoren hamaiketakoa egin zuten Koldo Mitxelena plazan. Horren ostean, Aiko taldeak eguneko lehen dantzaldi gidatua eskaini zuen Zumardian.

Antolatzaileen esanetan, «ikusten da jendeak data hau gordetzen duela, jende asko hurbildu delako». Eguerdian herri bazkaria egin zuten 400 pertsona ingururekin.

Herriak beste dantza zita bat izango du ostiralean. Arratsaldean, Errenteria Dantza ospatuko dute, Armeniako talde bat gonbidatu berezitzat dutelarik.