Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Pertsonen dramak oporrik ez duelako

Joan den ostiralean abiatu zen Mugak Zabalduz Karabana Europako Hego Mugara, zehazki Andaluzia eta Ceutara. Aurreko urteetan, Grezian, Melillan eta Italian izan zen, alegia, migrazio-prozesuak egun eragiten ari diren drama pil-pilean dagoen lurraldeetan, drama hori beren larruazalean jasaten ari diren pertsonak, migratzaileak eta errefuxiatuak, inolako duintasunik gabe tratatuak diren infernuetan. Han, askotariko salaketa-ekintzak egingo ditu, pertsona ororen giza eskubideen aldeko aldarrikapena, ikusten ari garen ankerkeria eta gehiegikeria guztien aurreko erresistentzia; baina leku ere egingo die protagonisten testigantzei, haiei lagundu nahian dabiltzan norbanako eta erakunde solidarioek esateko dituztenei, egoeraren azterketari… Ezagutzari, finean, gure Europa lotsagabe eta lotsagarri honetako mugetan eta munduko beste batzuetan benetan jazotzen ari den guztiaren gaineko kontakizunari. Gero, noski, gurera ekartzeko, jendarteari ezagutzera emateko, zu eta biok ere inplika gaitezen; gure erakundeei galdegiteko, tregoarik eskaini gabe, beren zeregina bete dezaten, pertsonak zain ditzaten, alegia, ez ikusiarena egiten eta haien lana elkartasunzaleon esku uzten segitu barik, beste krisi hau ere gure bizkarretik konpon dadin.

Ez da izango gozoa Karabanako kideek ikusi eta entzungo dutena, ez baita udarako ibilaldi dibertigarria lagun artean, beste paraje batzuk ezagutzeko parada polita; egun hauek ez dira izango oporrak, estatuko hegoalde ederraz gozatzeko ohiko ihesalditxoa. Mina eta desesperazioa bertatik bertara ikustea, norbere barruan sentitzea eta dena iraultzeko ezer gutxi egin dezakezula jakitea, frustrazio eta inpotentzia hori… oso gutxik aukeratuko genituzke gutxi-asko patxada ederrean bizi garen munduko pribilegiatuok, zer behar sufritzeko, ezta? Baina bakan batzuek, egunero egoera bidegabeak, tamalgarriak eta lotsagarriak feminismotik, ekologismotik, elkartasunetik eta, ororen gainetik, giza eskubideen aldeko jarrera irmotik aldatzeko lan eskerga egiten dutenek, motxilan lau gauza sartu eta han doaz gerrak eragiten ari direnei, eta gatazketatik etekina ateratzen ari direnei, eta pertsonak hiltzen uzten ari direnei, eta pertsonak animaliak balira bezala zentroetan barneratuta dituztenei bakerik ez ematen jarraitzeko. Norbaitek egin behar du eta.

Aupa zuek, Karabana antolatu eta osatu duzuenok! Han izango zarete gaur ere, Europako Hego Mugan, erantzukizun- eta elkartasun-lezio paregabea ematen bai han eta bai hemen, urte osoan bezala.