Ane URKIRI ANSOLA
ELORRIO

Elorrioko Udaleko garbitzaileek parodiaz aldarrikatu dute soldatak parekatzea

Elorrioko Udaleko garbikuntzako langileak greba mugagabean daude apirilaren 29tik. Errepideetako garbikuntzan lan egiten dutenekiko dagoen soldata arrakala gainditu nahi dute.

Hilabete honetan Elorrion Musikaire jaialdia egiten ari dela aprobetxatuz eta protesta kalean ikusarazteko, ekitaldi bat antolatu zuen atzo ELAk herriko plazan, «langile hauei babesa emateko».

Goizeko 11.00etan hasi eta goiz osoan egin zuten aldarrikapen festa. «Oso ezagunak diren artista gonbidatuak» izan zituzten, karaokean ere abestu zuten, eta bukatzeko, bingoa egin zuten. Bertan «jardunaldi osoko lanak» eta «lan baldintza duinak» zozkatu zituzten.

Zozkatu zituzten sari horiek dira, hain zuzen, Elorrioko eraikin, eskola eta lokal publikoetako garbitzaileen aldarrikapen nagusiak. Zerbitzua azpikontratatutako Eulen enpresak ematen du eta hamabost langilek osatzen dute lantaldea.

Ia behargin guztiek lanaldi partzialeko kontratuak dituzte. Batek bakarrik du lanaldi osoko kontratua eta honek urtean 16.300 euro jasotzen duela jakinarazi zion GARAri Maricruz Elkorok, ELAko Zerbitzuen alorreko idazkari nagusiak. Zifra hori oso urrun dago kale garbitzaileek –gizonezkoak gehiengo diren sektorea– jasotzen duten soldatetatik; izan ere, behargin hauek 25.000 euro irabazten dute urtean. Horregatik, lanaldi osoko kontratuentzat urtean 18.000 euroko soldata eskatzen dute 2020rako, eta 20.000 eurokoa 2021. urterako.

Zerbitzuaren lizitazioaren prezioa Udalak (EH Bildu, Herriaren Eskubidea) erabakitzen duela-eta kexu agertu zen ELAko kidea; eta hortaz, erantzukizun zuzena duela adierazi zuen. Eulen enpresarekin ez dute gaia gehiegi sakondu, dagoeneko lizitazioa eginda dagoelako eta atzera-bueltarik ez duelakoan. Gainera, hurrengo urtean ez dakite zein enpresaren esku egongo den zerbitzua.

Lan-ikuskapena

Soldaten aferarekin lotuta, lanaldi partzialak desagerraraztea ere exijitzen dute, baita izan diren murrizketekin bukatzea ere. Elkorok adierazi zuen langileek egunean egin behar duten lana egiteko «lanordu gutxiegi» dituztela eta, beraz, justuan iristen direla.

Horrekin lotuta, onartu zuen Udalak enpresa bat kontratatu duela lan-ikuskapen bat egiteko eta hortik ondorioak ateratzeko. «Hartutako erabaki honekin ados gaude», azaldu zuen.