2019/07/19

Euskal Herriko kanporaketak igande honetan jokatuko dira Aristerrazun
Andres OSA «SAKONA»

Uda parteko protagonismoa segalariek izaten dute. Garai emankorrenak igaro dira, baina zeharo ez da galdu. Igande honetan hamar segalari neurtuko dira Euskal Herriko Txapelketaren finalerako merituak egiten. Lehen kanporaketa 11.30ean hasiko da Aiako Aristerrazuko belardian. Ordu erdiko lana izango dute Julen Gabirondo, Arkaitz Arteaga, Mikel Lizartza, Jon Otegi eta Eneko Bilbaok. Handik ordubetera, 12.30ean, beste hauek zelairatuko dira: Jokin Etxeberria, Jesus Mari Ormaetxea, Iban Pardo, Suharri Irazustabarrena eta Jokin Urrretabizkaia. Talde bakoitzetik bi onenak sailkatuko dira uztailaren 28an, 12.00etan, Asteasuko Bulano Baserriko zelaietan egingo den finalera.

Sokatira, Getxon

Euskal Herriko lurgaineko sokatirak 560 kilokoan bigarren jardunaldia izango du Getxon, bihar 17.00etan, Fadurako atletismo zelaian. Honako taldeek parte hartuko dute: Goiherri A, Gaztedi A, Akelarre, Getxo, Gaztedi B, Mutriku, Gaztedi C eta Goiherri B. Kategoria honetan bi talde dira faborito nagusiak, Goiherri A eta Gaztedi A. Pisu arinetan oreka gehiago espero da.

Ingude txapelketa

Bizkaiko Ingude Altxatze Txapelketa igandean jokatuko da Getxoko Santa Ana auzoan, 18.30ean hasita. Emakumezkoetan zazpi lehiakide izango dira: Karmele Gisasola, Garazi Arruti, Nerea Egurrola, Aiora Otazua, Iraide Gezuraga, Erika Rojas eta Ainhoa Ortega. Gizonezkoetan hiru: Oiritz Pereira, Ousman Drame eta Unai Ardeo. Eta gaztetxo mailan lau: Erlantz Gonzalez, Xabier Rodriguez, Aitor Rodriguez eta Beñat Obieta.