GARA
LOIU

Loiuko aireportuko langileek akordio «minimoa» sinatu dute

Atzo goizean elkartu ziren Aenako enpresa batzordea eta zuzendaritza. Proposamen berri bat helarazi zuten agintariek eta ados agertu ziren sindikatuak. Dena den, akordioa «minimoa» dela adierazi zuen batzordeko iturri batek. Zuzendaritzaren jarrera aldaketa funtsezkotzat jo zuten greba egutegia bertan behera uzteko. Irailean berriro bilduko dira.

Aenako enpresa batzordearen eta zuzendaritzaren arteko harremanak hobera egin zuen atzo izandako bileran. Sindikatuen aldarrikapen batzuk jasotzen dituen proposamena helarazi zuten agintariek, eta hortaz, greba egutegia bertan behera uztea erabaki zuen langileen asanbladak. Sektore batzuetan lanpostu gehiagoren sorrera izan zen punturik garrantzitsuena.

Zuzendaritzaren jarrera aldaketa ere kontuan hartu dute greba deialdiak bertan behera uzteko. Hala zehaztu zion GARAri enpresa batzordeko kide batek. Jakinarazi zuenez, «akordioan jasotzen diren puntuak gure aldarrikapen minimoak dira», eta langileen asanbladan greba uzteko «nahikoak» direla berretsi zuten.

«Arduratsu» jokatu dutela nabarmendu zuen, 24 orduko lanuzteek ekartzen dituzten ondorioak kontuan izanda. «Eszenatoki berri» batean daude eta hori positibotzat jo zuen.

«Sinatu den akordioan hainbat postutan hobekuntzak lortzen dira, bai kopuruetan eta bai egonkortze prozesuetan», helarazi zuen enpresa batzordeak atzo arratsaldean bidalitako oharraren bitartez. Hala ere, batzordeko iturriak baieztatu legez, beste hainbat alorretako eskakizunak ez ditu jaso zuzendaritzak, eta horrenbestez, lanean jarraituko dute helburu horiek lortzeko.

Alor horietako bat segurtasuna da –suhiltzaileen kasua, alegia–. Ez dute lortu lanpostu gehiagoren sorrera, «baina, behintzat batzorde bat osatu dugu langileek eta zuzendaritzak, elkarlanean aritzeko eta segurtasunaren sektorean behar diren eskakizunak zuzenean helarazteko agintariei».