2019/07/22

Erreportajea
 
EGURREZKO ARIMA DUEN BIZIKLETA GARATU DUTE HAINBAT EUSKAL ERAGILEK

Txirrindulen alorreko hainbat egitasmoren arduradunak elkartu izanaren emaitza da Axalko Bizikletak. Bi urteko aurreikuspen eta garapenaren ondoren, prest dago industrializaziori nahiz merkaturatzeari aurre egiteko. Seed Capital Bizkaiaren babesa du.

Maitane ALDANONDO
0722_eko_bizi

Egurra baliabide tradizionala bada ere, produktu teknologiko, jasangarri eta berritzaileen lehengaia ere izan daiteke. Hori sinetsita hasi zen Aitzol Telleria egurrezko bizikletak egiten 2006an. Axalko egitasmoak bilakaera sakona izan du urteotan, eta, bazkide berriak gehituta, 2017ko irailean berrabiarazi egin zuten. Bi urteko prestaketaren ondoren, ekoizpena industrializatu eta nazioartekotzeari ekin nahi diote. Horretarako, inbertsio erronda baten eta Bizkaia Crowdfundingen egindako kanpainaren bidez, 300.000 euro lortzeko ahaleginean dabiltza.

Elkarte mugatua eratu duten zazpi bazkideek eskarmentu zabala dute bizikleten alorrean, baina bakoitzak ikuspegi batetik landu du. Berrikuntzaren aldetik aritu dira Txirbil Aroztegiko Haritz Iturrioz, Andoitz eta Aitzol Telleria; jasangarritasuna ardatz, hiriguneetan zamalanak egiteko Evolo trizikloak garatu zituzten Iban Lizarraldek eta Aitzol Fernandezek. Haiei, teknologia eta lasterketa bizikleten mundutik zetozen Iñigo Ruiz de Apodaka eta Enrique Ardura batu zitzaizkien. Beste proiektuak ere mantentzen dituzte eta, ikasitakoa gogoan, prozesu lasai baten alde egin dute, aurretik bizitzako hainbat esperientzia saihesteko. «Jipoiak jasotakoak gara», onartu du Axalkoren kudeatzaile Aitzol Fernandezek. Oinarriak jartzeko denbora izan dute hilabeteotan, etor zitekeenerako prest egoteko; dena bideratuta dutenean hasi dute merkaturatzea.

Enpresa mugatuak egoitza Bilbon du, kudeaketa eta zuzendaritza komertziala, ordea, Gasteizen; eta euskal lurretan garatzen du bere produktua. Arima egurrean dago, eta, hori dela eta, koadroa Zerainen egiten dute, basoaren erdian. Muntatu, berriz, Enkanterrin, kolektibo zaurgarriei lanaren bidez laguntzen dien Ubegi Taldean. Handik gertu, Bilbon, osatu egingo dituzte bizikletak; eta dena prest dutenean, merkaturatu. Europara begira ari dira lanean eta salmenta puntu estrategikoa Baionan dute, besteak beste, urte askotan lagun eta bazkide dutelako Cyclable. Hiri bizikletak saltzen dituen Okzitaniako Tolosako enpresak Frantzian, Suitzan eta Belgikan dituen 53 dendak baliatuko dituzte. Horrela, bezeroek produktua ikusi, ukitu eta probatzeko aukera izango dute.

Berezia eta neurrira egina

Koadroaren teknologia patentatu dute. Egurraren ezaugarri mekanikoak, «kasu batzuetan, altzairu edo hormigoiarenak baino hobeak», aprobetxatu eta esfortzua norabide guztietan jasan ahal izateko, egur xafla finak erabiltzen dituzte, haien artean erretxinarekin beste zuntz begetal natural batzuk jarrita. Arduradunaren esanetan, «pisuz apur bat astuna izan daitekeen koadro bat lortu dugu, lehiaketetakoetatik gertu, eta ibiltzean sekulako sentsazioak transmititzen ditu». Hiru modelo dituzte: hirikoa, errepidekoa eta gravela –ziklokros edo suspentsorerik gabeko mendikoen modukoa–, eta ia prest dute hiriko beste bat, kanbioduna. Edonola, «norbaitek mendiko txirrindula eskatzen badigu, diseinua garatuta dugu eta teknologia ere badaukagu», azaldu du Fernandezek. Izan ere, Axalko bizikleten ezaugarri bereizgarria ez da egurrezkoak izatea, neurrira eginak eta pertsonalizatuak izatea baizik. Bezeroari emandako arretan ere nabarmendu nahi dute. Prozesu osoaren berri ematen diote une oro eta, salmentarekin harremana amaitu beharrean, orduan hastea nahi dute.

Ekoizpenaren industrializazioa hasi dute, eta hiruzpalau urtetan ekoizpen mugara iristea aurreikusten dute; 999 txirringa, alegia. «Ez ditugu inoiz mila baino gehiago egingo. Hori da estrategia. Merkatua badute, beste ideia asko ditugu buruan», ohartarazi du kudeatzaileak. Bakarra egiteko 600 ordu baino gehiago behar dituzte, eta salneurria 5.000 eurotik gorakoa da. Bizikletak maite eta zerbait berezia nahi dutenak dira bezero potentzial nagusiak. Interesa agertu dute ere eskuz egindako lana, serie laburra eta Europan egindako produktuak asko baloratzen dituzten erosle potentzialek.

Merkaturatzeari ekiteko, «nahiko ondo» doan finantzazio erronda bat hasi zuten ekainean. Indiako inbertsore bat lortu dute eta babesa eman die Bizkaiko Foru Aldundiaren Seed Capitalek. Horren bidez, crowdfunding kanpaina bat martxan dute, 150.000 euro lortzeko helburuarekin. 95.000 eurotik gertu daude uneotan, eta, epea bihar amaitzekoa bazen ere, luzatu egingo dute hainbatek berandu agertu dutelako interesa. Parte hartu nahi dutenek inbertsore gisa izena eman eta enpresari buruzko informazio gehigarria jasotzen dute partaidetza kopurua erabakitzeko. Fernandezek argi du batzuek laguntzeko inbertitu dutela, beste batzuek, berriz, negozio aukera ikusi dutelako. «Igual, bizikleta, egurra eta jasangarritasuna ez zaizkie horrenbeste inporta, baina errentagarritasuna bai».