2019/07/29

Josebe EGIA
Gauza hutsalen sakontasuna

Aspaldiko algararik handienak egin ditut Paula Boneten “Pelos en el coño” (Ileak motxinean) artikulua irakurtzen (labur.eus/XM8xl), eta oso identifikatuta sentitu naiz, potxotxekoez harago. Aldi berean, azazkalak bezain gizakion berezko ileek emakumeon gehiengo zabalarengan eragiten dutenaz pentsarazi dit: esklabotasuna, funtsean, gizonezkoek diseinaturiko edertasun-kanon zorrotzaren mendekoa, dela ileok inondik ez agertzeko, dela onartzen zaizkigun bakarrak, burukoak, beti perfektu izateko.

Hamabi-hamahiru urterekin depilatu nituen hankak lehenengo aldiz; ordurako banuen ondo sartuta barruan emakumeek ez dutela ilerik izan behar ez hor ez besapeetan. Infernu hutsa iruditu zitzaidan, eta, halere, infernu hori hilean behin bizi izan nuen urte askoan. Bazegokidan, eta kito. Azkar asko harrapatu nuen mutilek (neskak bost axola garai hartan) azal soildu leuna dutela gogoko, horixe espero dutela, eta kontrakoa topatzeak egoera ezin deserosoagoa eragin ziezadakeela, bai eta niri buruzko txutxu-mutxu ugari ere balizko morroiaren lagunartean. Nerabezaroan, hori da zuretzat desio duzun azken gauza. Garai hartan, neskato alemaniar bat izan genuen etxean, udaran; ile gorrixkak zituen gorputzean, adatsean bezala, eta bere herrialdean normala omen zen ez kentzea, ez ezkutatzea eta, batez ere, haiek kentzen sufritzeko inolako asmorik ez izatea. Haren nortasunak txundituta utzi ninduen. Hogeita hamar urterekin laserrera jo nuen, eta orain maitasunez begiratu ohi diet tarteka sortzen zaizkidan iletxo bakanei, gehiago pentsatu barik erauzi aurretik. Garai hartan, nire betiko lagunak ileak kentzeari uztea erabaki zuen; alegia, gizonezkoek bezain natural bizitzea bere gorputzeko biloa. Haren nortasunak harro sentiarazten ninduen, hondartzara joaten ginenean, bereziki: disimulurik gabeko begirada haiek, ez hain ahopeko iruzkin mingarri haiek, umeen galdera xalo bezain lotsagabeak… lagunak norbait hil zuela ematen zuen!

Hogeita hamar urteren ondoren, edozein andrazkok esango dizu, oraindik ere nortasun irmoa behar da jendarte honetan emakumeok geure gorputzaz potorretik benetan irteten zaiguna egiteko, eta ileekin, halako gauza hutsalarekin, halaxe bada, pentsa bestelako kontu garrantzitsuagoekin! Berdintasunak askatasuna du oinarrian, eta irudi-askatasunari dagokionez ez zait iruditzen aurrera goazenik, irudiaren garaian, hain zuzen. Ni neu lehenengoa, hiru asterik behin falta barik ile-apaindegira joaten den hau… eta ez tokiko merkataritzari laguntzearren, preseski.