Imanol CARRILLO

Paladaz palada, BETERANOEN LIGAn EGONKORTU DA ZARAUZKO BADOK 13

Hamaika urte dira, 2008tik, Arraunlari Beteranoen Elkarteko Liga sortu zenetik; zazpi, 2012tik, Zarauzko Badok 13ren sorreratik, eta sei, ABE Ligak eta talde gipuzkoarrak euren ibilbideak batu zituztenetik. Aurtengo Liga bereganatu du talde zarauztarrak.

Arkote eta Getxo, bakoitza lau garaipenekin, 2008an sortutako ABE Traineruen Ligako palmaresean berdinduta daude. Atzetik, hiru lorpenekin, Zierbena dago. Agerikoa da ontzi bizkaitarrak jaun eta jabe direla Liga honetan, baina Getxon amaitu berri den Arraunlari Beteranoen Elkarteak antolatutako txapelketak garaile berri bat du, eta ez da bizkaitarra: Zarauzko Badok 13.

Hamar estropadak eta Gipuzkoako Txapelketa irabazi dituzte zarauztarrek, azken urteotan daramaten goranzko ibilbidea benetakoa dela konfirmatuz. Alegia, 2016an eta 2017an zazpigarren postuan amaitu zuten; iaz bigarren izan ziren, bost estropada errenkadan irabaziz; eta aurten, hamarretik hamar, bandera guztiak irabazi dituzte.

Klubaren sorrera ezagutzeko 2012. urtera joan beharko genuke. Edu Mugertza sortzaileak eta gaur egun arraunlaria denak GARAri azaldu dionez, «2012an ni Zarautz Arraun Elkarteko (ZAE) lehendakaria nintzen. Orduan hasi ginen pentsatzen agian infantil edo kadeteen gurasoek probatu nahiko zutela arraunean. Hala, guraso batzuk hasi ginen egurrezko traineru zahar batean entrenatzen eta paseatzen». Hori dena Deustuko gizon batek Beteranoen Liga bat zegoela esan zien arte. «Gu zaharrak baina ‘nobatuak’ ginen», gogorarazten du barrez.

2013an gonbidatu gisa hasi ziren eta egin zuten lehenengo estropada Orioko Jaitsiera izan zen, martxoaren 13an. «13 zenbakia jarri ziguten eta justu 13 ginen, gehi patroia. Hala, Badok 13 elkartea sortu genuen». Hortik dator, beraz, elkartearen izena. ABE Ligan egin zuten lehen urte horretan «beti azkenak ginen», adierazi du Mugertzak. Hurrengo urtean, 2014an, ofizialki lehiatzen hasi zen trainerua Beteranoen Ligan eta «pixka bat hobeto egin genuen». Hala ere, inflexio puntua iaz iritsi zen, «ZAEko eta Orioko beterano batzuk taldean sartu zirenean».

Gaur egun bi ontzi dituzte. Biekin joaten dira estropadetara: bata, lehiatzera; eta bestea, gonbidatu gisa. Taldea 30 lagunek osatzen dute «eta datorren urtean agian gehiago egongo gara», azpimarratu du.

Entrenamenduak astean bi edo hiru egunetan egiten dituzte, asteburuan estropada dagoen edo ez kontuan izanda. Aurtengo denboraldiko azken proba amaituta, oporrak hartu eta datorren irailean hasiko dira berriro entrenatzen ZAEk Aian dituen instalazioetan –Orio eta Zarautz artean dagoen industrialdean–. Toki estrategikoa da honakoa; izan ere, «hortik errekara zoaz eta hortik itsasora atera zaitezke», azaldu du.

Ligak dituen zenbait berezitasun

Arraunlari Beteranoen Ligak baditu berezitasun batzuk. Adinari lotuta, 45 urtetik gorakoak lehiatu daitezke. Hala ere, 38 urtetik 45era arteko hiru arraunlari izan daitezke traineruan, gehienez. Estropadaren bukaeran, berriz, traineruaren batez besteko adinaren arabera, denbora handicapa ezartzen da. «Gurekin badago 70 urte dauzkan bat; nik 62 dauzkat. Adibidez, Angeluko Ibaialdek badu 74 urteko arraunlariren bat. Oso garrantzitsua eta ona da gorputzerako eta bururako arraunean egitea», aipatzen du Mugertzak.

Traineru Kluben Elkarteak (TKE) sortutako Eusko Label Ligarekin alderatuz gero, Beteranoen Liga mistoa da; hau da, gizon eta emakumeak parte har dezakete traineru berean. Badok 13k, adibidez, aurten lau neska ditu arraunean. «Datorren urtean agian gehiago izango ditugu», iragarri du.

Estropadaren ondorena da Beteranoen Ligaren beste berezitasun bat: arraunlarien luntxa. Hala kontatu du arraunlariak: «ABE Liga sortu zenean garrantzitsuena ez zen lehiatzea, baizik eta harremana jende guztiekin. Estropada egiten zen eta ondoren bazkaria, afaria edo luntxa egiten dugu. Sekulako harremana dago denen artean».

Denboraldi bikaina borobiltzeko, azken estropada falta zitzaien, pasa den asteburukoa, eta irabazi egin zuten. «Getxoko estropada oso polita eta garrantzitsua da. Getxon benetako arraunlari beteranoak dira, urte pila daramatenak eta bandera irabazi dutenak. Oso harreman handia dugu beraiekin».

Eta beste klubekin ere bai. Izan ere, «batzuetan, pentsa, norbaiti arraunlariren bat falta zaiola, norbait bidaltzen dugu soberan baldin badugu. Angelukoekin askotan egin dugu», jakinarazi du Mugertzak.

Orain, Badok 13ko arraunlariek badute zer ospatu luntxean edo bosgarren luzean: Gipuzkoako Txapelketa, ABE Liga eta, horrekin batera, Euskadiko Beteranoen Txapelketa. Gaur, 12.00etan, Zarauzko enparantzan banderak atera eta 13.00etan, udaletxean, garaikurrak aurkeztuko dituzte. Zorionak!

BESTE ERRONKA BAT: EUSKADIKO TXAPELKETA ANTOLATZEA

Badok 13ren denboraldi hobeezina maiatzaren 4an hasi zen, Pontejosen. Lehenengo 9 puntuak izan ziren, Arkote (8), Fortuna (7), Pontejos (6), Zumaia (5), Deustu (4), Sestao (3), Ibaialde (0) eta Getxo (0) traineruen aurretik. Ordutik hona, Zarautz, Angelu, Plentzia, Sestao, Zumaia, Armintza, Donostia –bi aldiz, Gipuzkoako Txapelketa ere irabaztean–, San Vicente de la Barquera eta Getxoko urek ikusi dituzte gipuzkoarren garaipenak. Hala ere, Edu Mugertza hedabideek Beteranoen Ligari ematen dieten «oihartzun txikiaz» kexatzen da. Gainera, etorkizunean Euskadiko Txapelketan eta Kontxan parte hartzeko aukera izatea nahiko luke.I. C.