2019/08/05

Josebe EGIA
Horrela ikusten gaituzte

Lagunak eta biok “When They See Us” telesaila ikusi berri dugu. Benetan gertatu zen bertan kontatzen dena: nola gau batean New Yorkeko Central Parken pertsona batzuek beste pertsona batzuk harrika-eta eraso zituzten, eta nola, handik gertu, emakumezko korrikalari bat oso modu basatian bortxatua eta ia heriotzaraino jipoitua izan zen; eta nola gertakari haiek, andrearen bizitzaz gain, noski, bost adingabe beltz pobrerenak hondatu zituzten, nola “toki okerrean une okerrean egotea” fabrikatu egiten den, politikoki etekina ateratzeko.

Toki okerrean une okerrean egon, benetan, emakume hura egon zen. Oker ez zegoena bere sexua zen, beste edozein andre izan zitekeen biktima hura, sexu-gose usteldu bortxa-egarriz lagundua asetzearren parke hartan gaueko ordu hartan harrapakinaren bila uzkurtuta zegoen gizonezkoaren paretik igarotzeko zorte txarra izango zuen edozein andre. Joan den astean Bilboko Etxebarria parketik igaro zen neska gaztea bezalakoa, gogoan bortxaketa dibertsiotzat duten mutiko zein gizon heldu batzuekin gurutzatu zena, tamalez.

Horrela ikusten gaituztelako bagina dugunok mundua gobernatzen duten genero-bereizketan, genero-diskriminazioan eta genero-indarkerian hezitako zakildunek, generokeriak erauzteko eta pertsonekin harreman osasungarriak eduki ahal izateko bestelako heziketa, bestelako balioak, jaso ez dituzten gizonezkoek, beren apeta guztiak (fisiko nahiz psikologikoak) asetzeko kosta ahala kosta neurrira ekarri beharreko haragi-puska ibiltari gisa, hain zuzen. Gu ukitzeko eta, ezinbestean, mintzeko marra zeharkatuko ote duten, lepoa jokatuko nuke baietz.

Lagunak bota zuen: «New York moduko hiri bateko parkera gauez korrika egitera ateratzea ere… bakarrik, gainera… Sekula ez nuke egingo nik». Ez, bada; eta pauso honetan, fokua biktimen jarreran, arropan, jokabidean eta abarrean paratzen segituz gero, ez gara sekula lasai biziko, une oro norbere edota inguruko emakume maiteen mugimendu eta erabaki oro segurtasunaren lupaz miatzen aritzea ez baita bizimodua; izuak ezarritako esklabotasuna da, biziki hertsi eta itogarria.

Honen guztiaren funtsa ez dago andreongan, horrela ikusten gaituztenen eta begirada hori elikatzen duen guztian baizik; eta guzti hori asko eta zabala da, bai, eraldatzeko lan eskerga egin beharra dugu, bai, baina horixe da, bai lehen eta bai orain, gu bortxatzen eta erailtzen ari dena.