2019/08/10

Floren Aoiz
@elomendia
Sistema moral espainiarra? Bai to!
1512ko Nafarroaren konkistan Alvarez de Toledo bat zegoen buru. Ez dakit kate zuzenik dagoen bi pertsonaien artean, baina agian konkista, kolonialismo, inkisizio eta finean espainiar inperioaren sistema moralaz ari zen

Duela 6 urte idatzi nuen GARAn “Moralinarik ez, politika bai” izenburuko zutabea, zeinean gatazka politikoak termino moraletan kokatzeko iruzurra azpimarratzen bainuen. Ordudanik ETAk bere burua desarmatu eta herrian urtu da, bere hitzak erabiltzeko, baina politika moralitate gisa aurkezten duten zurikeriaz ordezkatzeko asmoak bizirik dirau, ez baitzen borroka armatuaren aurkako erantzuna, egiturazko hautua baizik. Are gehiago tenore postpolitiko hauetan, historia bukatu dela esaten digutelarik, kapitalismoaren nagusitasuna goraipatuz. Moralinak hartzen du lehia politikoaren lekua eta abantailak lortzen dira (auto)biktimizazio arrakastatsuen bidez.

Eskuin autoritarioa da, zalantzarik gabe, moralizazioaren onurak profitatzeko lekurik onenean dagoena. Europako bazter batetik bestera atzematen da zeinen ongi ikasi duten gure garaietako joera hau baliatzen. Oso ongi mugitzen dira zurikeriaren esparruan, gauza bat esan eta aurkakoa eginaz. Eta, to, gauzak horrela, Cayetana Alvarez de Toledo ageri zaigu espainiar sistema moralaz mintzo eta argi utziz bertan dagoela Vox baina ez EH Bildu. Batek daki zer den sistema hori, baina ohore handia da euskal subiranistok at kokatu izana.

1512ko Nafarroaren konkistan Alvarez de Toledo bat zegoen buru. Ez dakit kate zuzenik dagoen bi pertsonaien artean, baina agian konkista, kolonialismo, inkisizio eta, finean, espainiar inperioaren sistema moralaz ari zen. Hala bada, ospatzekoa da sistema honetatik urrun egotea. Baina, ziur asko ere, trantsizio miresgarri eta espainiar mirakulu ekonomikoaren sistema moralaz ari zen, moral konstituzionalistaz, hots. Hala balitz, pozgarria da, halaber, herrien kartzela den Espainiaren moral kartzelariarekin loturarik ez izatea.

Moralaz hitz egitea asmo politikoak ezkutatzeko jokaldia izaten da. Oraingoan, Vox zuritzeko, eta bidenabar, espainiar nazionalismo post-inperialak jomugan gaituela oroitarazteko.