2019/08/12

AEBetako behi haragi gehiago jasoko du Europak aurrerantzean

AEBek eta Europar Batasunak sinaturiko akordioari esker, Europak urtean inportatzen dituen 45.000 tona behi haragitatik %77 abeltzain estatubatuarrek ekoitzia izango da. Gipuzkoako EHNE zein Europako zenbait nekazari elkarte horren kontra azaldu dira. Salatu dutenez, AEBetako abeltzaintzan ez dira EBeko neurri berdinak errespetatzen.

Ane URKIRI ANSOLA ||DONOSTIA
0812_eko_meat

Europar Batasunak urtean inportatuko dituen 45.000 tona behi haragitatik %77,7 AEBetan ekoitzia izango da; hau da, herrialde horretatik 35.000 tona haragi iritsiko dira orotara.

«Gaur egun handia da, akordio hau ederra da jende askorentzat. Gaur sinatu dugun akordioarekin errazagoa izango da AEBetako haragia Europar Batasuneko herrialdeetara iristea», adierazi zuen Donald Trump AEBetako lehendakariak, akordioa onartu bezain pronto, abuztuaren 2an.

Gipuzkoako EHNEk prentsa oharra bidali du akordio hori kritikatu, eta haren ondorioez ohartarazteko. Era berean, onartu du ez dakitela zehatz-mehatz bertan jasotzen den guztia; badakite, ordea, duela urte batzuetatik zer puntu negoziatzen ari ziren. Mercosur eta TTIP akordioekin alderatu du Gipuzkoako EHNEko ordezkariak.

«Kromo trukaketa izan da», kexatu da Gipuzkoako nekazarien elkarteko ordezkaria. Beraren ustez, Europako autoei muga zergak jartzeko Trumpek egindako mehatxua da akordio horren atzean dagoen arrazoia. Bi sektore horiek ez dute zerikusirik, baina uste du akordioak ekonomiaren eremu zabal bati eragiten diola, «eta hor tartean aurkitzen da abeltzaintza».

«Europar Batasunak ateak zabaldu dizkio AEBetako haragiari», adierazi du Gipuzkoako EHNEk, eta «arduragabekeria itzela» dela gaineratu du, AEBetako haragi ekoizpenak ez dituelako EBko neurriak errespetatzen. «Estatu Batuetako haragiak ez ditu bete behar Europan araututa dauzkagun animalientzako ongizate neurriak, osasun neurriak, ezta trazabilitate zorrotza ere», ohartarazi du.

Eta horren inguruan, afera handituz doa. Hormonatutako haragiari mugak jarri dizkiote, animalia jatorriko elikagaiekin hazitako abereak ez dira baztertzen, nahiz eta Europan debekatu egin ziren behi eroen kasuak gertatu ondoren.

Lasai egoteko adierazpena

Gipuzkoako EHNEko ordezkaria, GARAri eginiko adierazpenetan, kexu agertu da EBren jarrerarekin, «lasai egoteko» eta akordioa «guztiontzat ona» dela bakarrik esan baitute. Akordioa ezkutuan egin izana ere kritikatu du.

Donald Trumpek, bien bitartean, bere abeltzainak «hamaika modutan babestu eta defendatuko» dituela ziurtatu du Twitter bidez. Sinatu osteko agerraldian goraipatu egin zuen AEBetako haragiaren kalitatea eta Europarentzat ere «garaipena» izan dela azpimarratu zuen.

Aurreikuspenen arabera, aurreneko urtean %46 handituko da Europara zergarik gabe esportatuko duten haragi kopurua; bigarren urtean, %90.

EBko enbaxadore Stavros Lambrinidisek, bestalde, espero du akordio honek Bruselaren eta Washingtonen arteko harremanak «indartzea».

1989an EBk debekatu egin zien AEBei, behin-behinean, Europan beraien haragia saltzea. 2003an debekua behin betiko ezarri zuen estradiol edo beste bost hormonarekin tratatutako haragiari dagokionez. 2009an akordio bat adostu, eta 2014an ezarri zuen Europak haragiaren inportazioa 45.000 tonarainokoa izan zitekeela. Orain, kopuru horren ia %80 AEBetatik etorriko da.

DONALD TRUMP


Abuztuaren 2an sinatu zuten akordioa, eta Donald Trumpek adierazi zuen «garaipena» dela bai AEBetako abeltzainentzat, bai Europar Batasuneko kontsumitzaileentzat, «munduko haragirik onena» delako.

AURREIKUSPENAK


Ameriketako Estatu Batuek aurreikusten dute, akordio honen ondotik, %46 handituko dela Europarako haragi esportazioa aurreneko urtean; bigarren urtean, %90eko igoera espero dute. AEBetatik etorriko da Europaren inportazioen %80.