2019/08/14

Mikel Aramendi
Kazetaria
Pentangeli eta Tom Hagen, Epstein kasuan
Kasu horretako Tom Hagen nor izan daitekeen jakiteak asko lagunduko liguke benetan zer gertatu den ulertzen

Aurtengo urtarrilean biziberritu zen, ezustean, Frank Pentangeli, hura haragitu zuen M. V. Gazzok ere ia 25 urte hilda zeramatzanean. Pentangeli bera, fikziozkoa izaki, inoiz ez zen hil, noski.

“The Godfather Part II” ikusitako guztiok izango dugu fikzioa gogoan, haatik. Corleone familiaren caporegime zaildua, Michael Corleoneren aliantza deabrutuen lazoan harrapatuta aurkitzen da Pentangeli; eta FBIrekin lankidetzan sartuta, Michaelen aurkako lekuko erabakigarria bihurtuko da... uko egin ezin zaion proposamena egiten dioten arte.

Proposamena egiteko erak gain hartzen dio edukiari filmean. Maniobra sofistikatu bezain siniestroaren bidez, Corleone familiak lortzen du Pentangelik salaketa ezestea eta, ondoren, FBIk zaintzapean daukan lekuan harekin elkarrizketatzea. Patxadarik handienean, Errotamar Inperioaren usadioez solasean, Tom Hagen/Robert Duvall consigliereak helarazten dio corleonetarren proposamena: bere buruaz beste egiten badu, bere ahaideei ez zaie ezer gertatuko. Esan gabeko tratua aditu eta biharamunean bere buruaz beste egiten du Pentangelik, zainak moztuz.

Pasartearen maisutasunari barkatu egin behar zaio iruzur historikoa ere: Erromatar Inperioan nekez aurki daiteke horren aurrekaririk. Aurten, ordea, Mueller ikerketaren harira atxilotutako Roger Stone-ren aurkako salaketan berragertu zen fikziozko mafiaburua. «Pentangeli bat egin zezala» esaten zion Stonek gaizkide bati. Senatuari gezurra esatea «besterik» aholkatu gabe, antza. Baina hara non, joan den asteburuaz geroztik, Trump bera eta beste ospetsu asko tartean dituen istorio hitsean, badugu Jeffrey Epstein izeneko Pentangeli bat, komenigarriki zenduta, Frank bezala. Kasu horretako Tom Hagen nor izan daitekeen jakiteak asko lagunduko liguke benetan zer gertatu den ulertzen.

Konspirazio-zaletasunak bere onetik aterakoak asko eta aspergarriak izateak ez baitu kentzen konspirazioak, izan, badirela. Eta errealitateak fikzioaren itxura hartu ohi duela askotan.