I.C.
EUSKOTREN LIGA

Oriok hartu du aurre, 2,64 segundoko abantailarekin

Jada Euskotren Ligako irabazlea den Orioko traineruak hartu zuen atzo aurrea Zarauzko XI. Ikurrinako lehen jardunaldian. 2,64 segundoko abantaila atera zion Arraun Lagunaki, eta denbora hori defendatu beharko du gaurko bigarren jardunaldian azken bandera irabazteko.

Estropada oso gogorra egin zuten lau traineruek, eta beroa izan zen protagonista. Horrela azpimarratu zuen Nadeth Agirre Orioko patroiak proba amaitzean; gainera, Naiara Martin Arraun Lagunakeko arraunlariak medikuen laguntza ere behar izan zuen proba bukaeran.

Estropadari dagokionez, lehia estua mantendu zuen Oriok, lehenik Donostiarraren “Torrekua I” traineruarekin eta ondoren Arraun Lagunakeko “Lugañene” ontziarekin. Azken horrek, ziabogara iritsi baino lehen bigarren postua lortu zuen eta itzulerako luzean estropadako buru ere jarri zen. Orioko “Txiki”-k, baina, hortzak estutu eta metro batzuetako abantaila lortu zuen, helmugaraino mantendu zuena. Hortaz, denboraldiko azken bandera irabazteko, gaur 2,64ko denbora defendatu beharko du Arraun Lagunakekiko, 12,74 segundokoa Donostiarrarekiko eta 21ekoa Hondarribiarekiko.

“Ama Guadalupekoa” izan zen atzoko estropadako kaltetuena. Puntu bakarra irabazi zuen Hondarribiak eta orain hiru puntura du Donostiarra. Horrek esan nahi du oso zaila duela, ia ezinezkoa, maila mantentzea, gaur lau puntuko aldea atera beharko bailioke aurkariari.