Oriok denboraldi aparta borobildu du Zarautzen

Euskotren Ligako txapelduna den Oriok ez zuen inolako arazorik izan atzo Zarauzko XI. Ikurrina eskuratu eta denboraldi bikaina borobiltzeko. Pentsa, Ligako hamabi banderetatik hamaika irabazi ditu, azkena atzo.
Larunbateko estropada oso parekatua izan zen eta oriotarrek 2,65 segundo atera zizkieten Arraun Lagunakeko neskei. Atzo, aldiz, oso ezberdina izan zen estropada eta 11,88 segundo atera zien “Txikiak” donostiarrei.
Estropadaren hasiera oso konplikatua izan zen. Itsasoaren eta haizearen egoera zakarrak hasiera atzeratu zuen –bi metroko olatuak eta 17 kilometro orduko haizeteak zeuden une horretan–, lau traineruek arazoak izan baitzituzten beren tokian ipini eta atera ahal izateko.
Baina behin semaforoak irteera adierazi zuenean, Oriok, Nadeth Agirre patroi lanetan zela, ez zuen aukera bakar bat ere eman eta lehen metroetan bi segundoko aldea atera zien Donostiako bi traineruei eta hiru Hondarribiari. “Ama Guadalupekoa”-k asko zuen jokoan eta ziabogara iritsi baino lehen bigarren postuan jarri zen, baina Oriorengandik oso urruti.
Ziabogara heldu aurretik Arraun Lagunakek aurrea hartu zien berdeei, eta hortik aurrera indarra galdu zuten hondarribiarrek, azken posturaino jaitsiz. Itzulerako luzean, gainera, Oriok erakustaldia eman eta 11 segundoko aldea atera zion Arraun Lagunaki, 18koa Donostiarrari eta 27koa Hondarribiari.
Gauzak horrela, “Ama Guadalupekoa”-k maila ez galtzeko play-offak jokatu beharko ditu irailaren 14an eta 15ean.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak
