GARA
BILBO

Pentsioak KPIari lotu eta blindatzeko aldarria Bilbon

Festa giroan –Aste Nagusia baita Bilbon–, baina sakoneko eskaerak kaleratu dituzte, beste astelehen batez, pentsiodunek. Pentsioak Kontsumo Prezioen Indizeari (KPI) lotzea eta blindatzea eskatu zuten, eta datorren urtean %0,25 soilik igotzea erabat baztergarritzat jo. Igoera erreala erreklamatu zuten eta hori bermatu behar dela azpimarratu zuten. 85. mobilizazioa izan zen atzokoa eta elkarretaratzea egin beharrean manifestazioa egin zuten Kale Nagusitik.

Txistularien soinuek ireki zuten atzo Moyua plazan hasi zen pentsiodunen manifestazioa. Hemeretzi hilabete igaro dira pentsio duinak eskatzeko kalera atera zirenetik, eta gaur egun ere arrazoi horrek berak bultzatzen ditu kalera.

Mobilizazio erraldoia osatu zuten eta jai giroan jaitsi ziren Bilboko Kale Nagusitik udaletxeraino. Aurreko astelehenetan ez bezala eskailera ondoan jarri behar izan ziren, hesiak jarrita baitzeuden. Udaletxeak bertatik komunikatua irakurtzeko eta parte-hartzaileei eskerrak emateko baimenik eman ez ziela azaldu zuen Andrea Uña Bizkaiko pentsiodunen mugimenduko kideak. Debekua txistuekin jaso zuten manifestariek. Aldiz, txaloka eskertu zuten atzoko mobilizaziora kanpotik etorritakoen presentzia. Bertan izan ziren Asturias, Kantabria eta Errioxako ordezkaritzak.

Haserrea eta kezka

Manifestazioari hasiera eman aurretik, datorren urriaren 1aren inguruan eta azaroaren erdialdean egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin zuten.

Kazetariei egindako adierazpenetan, Urrak jendea abandonatuta sentitzen dela eta «oso haserre» dagoela esan zuen. Datorren urtarrilaren 1ean pentsioak ez ote dituzten %0,25 soilik igoko kezka eta beldurra plazaratu zuen. «Guk ez dugu hori nahi eta kalean erakusten ari da», nabarmendu zuen.

Eta horrela erakutsi zuten manifestariek bota zituzten oihuek ere: ‘‘Pentsiodunak, aurrera’’, ‘‘Sanchez entzun, pentsiodunak borrokan’’, ‘‘Kanpora instituzioetako lapurrak’’.

Gobernu espainola paralisi egoeran dagoela adierazi zuen Jon Fanok eta datorren irailaren 23a baino lehen zer gertatuko den inkognita dagoela nabarmendu duen. Orain arte lortutakoa «oso gutxi» dela eta %0,25eko igoerara bueltatzeko arriskua dagoela. «Presidente berririk eta gobernu berririk ez badago, jardunean dagoen gobernua ia paralizatuta egon daiteke urte bukaera arte», adierazi zuen. «Borondatea badute, eskatzen ari garena lortzeko bidean pausoak eman daitezke», nabarmendu zuen.

Egiten duten aldarrikapen nagusia da betiko KPIari lotzea.