GARA
MOSKU

Erradiazio neurketen berririk aurkeztu beharrik ez daukala dio Errusiak

«Zentzugabea» iruditu zaio Kremlini abuztuaren 8an Errusia iparraldeko base militar batean izan zen leherketaren eraginez hodei erradioaktibo bat hedatu zela dioen informazioa. Severodvinsken dago Errusiak Artikoan duen itsasontzi-base nagusia. Bertsio ofizialaren arabera, gertakariak zazpi hildako eragin zituen, Rosatom agentzia atomikoko bost ingeniari barne.

Lassina Zerbo proba nuklearrak erabat debekatzeko erakundeko idazkariak sare sozialetan salatu du erradiazioa neurtzeko aparatuak gelditu egin zituztela leherketaren ondoren. Hodei erradiaktiboa nondik nora joan zen azaltzen duen mapa bat ere argitara eman zuen adituak.

Dmitri Peskov presidentearen eledunak ez zuen gauza handirik argitu: «Ezin dut ezer esan, ez dugu erradiazio neurketen berririk eman beharrik». Gogorarazi zuen Putinek berak esan duela ez dagoela «ez arriskurik ez erradiazio gehiagorik».