Mikel Aramendi
Kazetaria
JOPUNTUA

Independentea izan al daiteke Hong Kong?

Autokontsumorako propaganda bazter utzita, izenburuan jasotakoa da egin (eta erantzun) beharreko galdera udaberria hasi zenetik hiri txinatarrak bizi duen krisi soziopolitikoaren aurrean.

Autokontsumorako propaganda da gure artean gaiari buruz argitaratzen ari den ia guztia. Batek uste zuen informazioaren kontrol eta manipulazioan ezinezkoa zela Asia Ekialdeko erregimenei irabaztea. Baina, esate baterako, Hong Kongeko krisia hedabide anglosaxoien bidez jarraitzen ahalegindu denak zalantzan ipin dezake hori ere. Hamaika zergati baditu alderdikeria horrek, jakina.

Protesta-mugimenduaren pentalogoa, non puntuetako bat bera ere ez den kanpotik dirudiena, litzateke autokontsumorako propagandaren laburbilduma. Luze joango litzaiguke hori xehe-xehe positiboki azaltzea; bego beste baterako. Askoz laburragoa da lana ifrentzutik: puntu horietako bat bera ez da protesta-mugimenduaren motorra, barrukoa nahiz kanpokoa.

Txinari estutasun geopolitikoak sorraraztea dela kanpo-motorra begien bistakoa iruditzen zait. Trumpen muga-zergekiko sinkronia halabeharrezkoa izan daiteke; baina AEBen doktrina estrategiko berria gogoan izan gabe, ez da ulertzen Asia Ekialdean gertatzen ari den ezer. Ezta Hong Kongekoa ere.

Baina, barne-motorra? «Demokrazia», «askatasuna», «errepresiorik eza» dira entzuten diren kontzeptuak; baina kalean dabiltzanen egiazko goiburua «independentzia» da. Mundu guztiak daki, ordea, tabu dela hitz hori aipatzea. Kanpoan, mila fantasma askatuko lituzkeelako –Kataluniarekiko konparazioak saihesteko batzuek egiten dituzten ahaleginak horren aurrekari politak dira–; eta bertan, infernuko txikitoak hasiko liratekeelako dantzan.

Baina independentzia-asmo hori gabe ez da ulertzen ez mugimenduaren tasun soziala, ezta haren babes ekonomikoak ere. Tolesgaberen batek xalo-xalo, bai, esan egiten du hitz magikoa: Singapur. Singapurretik urruti dagoela Hong Kong esaten du, ordea, mapak. Eta zer esanik ez bestelako gogoetabide batzuek.