Ibai AZPARREN
IRUÑEA

Zortzi zuzendari nagusi izendatu ditu Nafarroako Gobernuak

Nafarroako Gobernuak bere egitura definitzen jarraitzen du eta, Javier Remirez lehendakariordearen hitzetan, helburua talde osoa irailerako antolatua izatea da. Atzo Nafarroako Jauregian kontseilariek egin zuten bilkuran, sei sailetan banatuko diren zortzi zuzendari nagusi izendatu zituzten. Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoko (NEKP) kideak ere proposatu zituzten eta Chivite bera izango da enpresa sektore publikoko bilgunearen buru.

Chivitek eta kontseilariek abuztu hasieran karguaren zina egin eta gero, gobernu berriaren «jarduera» irailean hasiko dela iragarri zuen Nafarroako lehendakariak. Hilaren 14an, kontseilariek beren departamentuetako oinarrizko egiturak proposatu zituzten eta, atzo, sailen zuzendariak izendatu zituzten Nafarroako Jauregian.

Ildo horretan, Javier Remirez, Presidentetza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne Departamentuko arduradunak ezagutarazi zituen izendapen berriak eta gobernu berriko egitura osoa irailerako antolatuta izatea jarri zuen helburu gisa.

Izaskun Abril Olaetxea izango da Lurralde Antolamendu, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoetako Saileko Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusia. Uxue Barkosen legealdian, Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko Saileko kabineteburua izan zen Abril. Honako legealdirako, ordea, departamentu horren zuzendari nagusi Fernando Santafe Aranda izendatu zuten atzo.

Eskubide Sozialetako Departamentuan, izendapen berriak hauek dira: Andres Carbonero Martinez izango da Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusia; eta Luis Campos Iturralde, Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren zuzendari nagusia. Bestalde, Ines Frances Roman berretsi zuten Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren kudeatzaile karguan.

Mikel Irujo Amezaga, aldiz, Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusia izango da Ana Ollo kontseilariaren Herritarrekiko Harremanetako Departamentuan eta, Ana Burusco Juandeaburrek Unibertsitateko zuzendari nagusiaren kargua beteko du Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuan.

Azkenik, Osasun zuzendari nagusia Carlos Artundo Purroy izango da. Gabriel Urralburu Nafarroako lehendakari zela Osasun kontseilaria izan zen Artundo 1987tik aurrera, PSNko presidentearen bigarren legealdian, alegia. Bere ibilbide profesionalak hainbat herrialdetan bizitzera bultzatu zuen, hala nola Ingalaterra, Kuba edo Ruanda. 2011. urtean, Andaluziako Osasun Publikoko Eskolako kontseilari delegatua izan zen.

Zuzendari berrien izendapenez gain, Nafarroako Gobernuaren izenean Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoko (NEKP) kideak proposatu zituzten. Horrela, Maria Chivite lehendakaria Nafarroako enpresa sektore publikoko bilgunearen buru izango da. Ondoan izango ditu Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, eta Manu Ayerdi, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuko kontseilaria. Ordezkari horiek administrazio kontseiluaren herena osatzen dute, beste heren bat Parlamentuak izendatuko du eta bestea ospe handiko profesional independenteek.

Gainera, Gobernuak Aitziber Juaniz Moriones Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Segurtasun Politiken Garapenerako Zerbitzuko zuzendari izendatzea adostu zuen. Juan Jesus Jaurrieta Galdiano Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko idazkari tekniko izendatu zuten. Fermin Muñoz Muñoz, berriz, Nafarroako Desjabetze Epaimahaiko presidentea izango da Chiviteren legealdian.