GARA
AINSA

Hartzek abeltzaintza estentsiboa «hondatzen» dutela kexatu dira

Huescako Ainsa herrian manifestatu ziren atzo, Pirinioez gaindiko plataforma batek deituta. Nafarroako EHNE eta UAG sindikatuek babestu zuten protesta; Estatu espainol eta frantseseko zenbait eragile ere bertaratu ziren. Hartz esloveniarrak Pirinioetan askatzearen aurka agertu ziren, abeltzaintza estentsiboari eragiten dizkion galerengatik.

«Hartz erasokorrak Pirinioetatik kanporatzea eskatzen dugu», adierazi zuen Felix Beriainek, Nafarroako UAG nekazarien sindikatuko presidenteak. Hartzak Pirinioetan askatzearen aurka agertu ziren atzo Ainsan (Huesca) eginiko manifestazioan, neurri hori «herri eta artzainen bizitza kontuan izan gabe hartu» delakoan.

Ehunka pertsonak parte hartu zuten mobilizazioan. “Hartzak, landa eremu eta abeltzaintza estentsiboaren hondatzaileak”, “Hartzik gabe, Pirinioetan segurtasun gehiago” eta halako leloak zabaldu zituzten. Pirinioez gaindiko plataforma batek iragarri zuen manifestazioa eta, besteak beste, Nafarroako EHNE eta UAG sindikatuek babestu zuten; Pirinioetako sindikatu eta elikagai kooperatibek ere parte hartu zuten, hala nola Estatu frantseseko Nekazaritzako Sindikatuen Federazioko (FDSEA) kideek eta nekazari gazteen erakundeak.

Desagertze arriskuan dauden hartzak askatzeko programa 1996. urtekoa da, eta neurri hori, batez ere, hartz esloveniarren kasuan aplikatu dute. Artzainek beraien kexak adierazi dituzte urteak joan, urteak etorri, hartzek eraso egiten baitie beren artaldeei.

Azken hilabeteetan, ordea, protestak areagotu egin dira, eta bi dira kexa hauen protagonistak: batetik, “Goiat” –Kataluniako Pirinioetan aske dabil eta iaz zaldiei egin zien eraso– eta bestetik, gurean ezaguna egin den “Claverina”. Hau Zuberoara iritsi zen eta Nafarroako Uztarroze aldean ardiei eraso eta hauetako bat hil egin zuen.

GKEak elkarbizitzaren alde

«Artaldeen kudeaketan eta artzainen lanetan buruhauste franko ekarri ditu eta ezin dugu honelako jokabiderik onartu», azaldu zuen tinkotasunez Nafarroako EHNEk, protesta hau arrazoitzeko. Gogorarazi zuen, gainera, neurri hau abeltzainen iritzirik jaso gabe ezarri dela.

Hartzak askatzearen plan honen aurkako erantzun argiagoak exijitzen dizkiete tokian tokiko administrazioei, baina, era berean, harturiko neurriak onak direla onartu zuten. Dena den, «hartz gehiago ez ekartzeko eta erasokor agertu diren hartzak berehala bueltan eraman ditzaten eskatzen dugu».

Bestalde, gobernuz kanpoko erakunde batzuen esanetan, hartz hauen eta abeltzaintzaren arteko elkarbizitza bideragarria da. «Hartzak ez ditu eragin egun Pirinioetako abeltzaintzaren iraunkortasunerako dauden zailtasunak», defendatu zuten eta honenbestez, abeltzaintza sektorearekin hitzarmena sinatzeko prest daude.

Transhumantzia egiteko sasoian, hartzen beldur dira artzainak

“Claverina” eta “Sorita” kontuan hartuta – Zuberoako eta Nafarroako Pirinioen artean askatu zituzten 2018an– 40 hartz arre zenbatu zituzten Iparraldeko eremuko eta Estatu frantseseko Pirinioetan. Datu horiek Trantsizio Ekologikoaren Ministerio frantsesak jakinarazi zituen eta zehaztu zuen 2017an sei hartz gehiago zeudela.

Apirilaren 30ean, Nicolas Bengoechea artzainak ardi bat galdu zuen Larrainen, “Claverina”-k eginiko eraso baten ondorioz. Uda garaia heldu bitartean, ardi bat galdu arren, «dena ondo joan» dela onartu zuen Bengoecheak AFPk eginiko erreportajean. Uda iristean, ordea, transhumantzia egiteko garaia heltzen da, eta beraren ustez, beharrezkoa da: «Ez dugu pentsatzen mendi magalera igo behar dugun edo ez; ez dago beste aukerarik, honen menpe gaude».

Arditegia Ibarrondon du berak, 1.300 metroko altueran eta ekainetik irailera bitartean –trashumantziaren sasoian– zortzi txanda banatzen dituzte 1.500 ardi begiztatzeko.

Oraingoz ez du zalantza egiten, baina «hemendik urte batzuetara 10 edo 15 hartz baldin badaude gure eremutik gertu, transhumantzia amaitutzat emango dugu eta horrenbestez, ez naiz artzaina izango; ardiekin lan intentsiboa egitera pasa baino nahiago dut nire lana utzi».

Iratin hogeita hamar bat arditegi daude eta gutxi gorabehera 80.000 ardi eta behi daude.GARA