Nerea GOTI
Z

ITSASADARRAK ERAKUSTEN DUTEN UMOREAGATIK MAITE DITU

BILBOKO JAIAK AZKEN TXANPAN SARTUTA BADAUDE ERE DAGOENEKO, KONPARTSEK ETA GIRO ONAK EZ DUTE ETENIK. LEHIAKETA GASTRONOMIKOAK, UR JOLASAK, KROSAK... DIRA NAGUSI EGUNEAN ZEHAR. GAUA, NOSKI, BESTE KONTU BAT DA...

Ikusgarritasuna xede duten aurrekontu handiko ikuskizunen ondoan, urtero geratzen da garbi Aste Nagusian jai egiteko orduan bestelako ereduak ere badaudela, jende pilaketen xerka aritu gabe, argazkia bilatu gabe, aurrekontu handiegirik behar izan gabe. Parte hartzea oinarri duten ekitaldi xumeok jaia bizitzeko beste era bat erakusten dute, eta, noski, konpartsak dira urtetik urtera jardueron bultzatzaile nagusiak.

Aste Nagusian egunean zehar txosnetatik buelta bat egin duenak ikusi du zumba euskaraz eta euskal kantekin ere egin daitekeela –eta parte hartze handia lortu!–, tailerrak eta jolasak askotarikoak izan daitezkeela –aspaldikoak tartean–, inoren parte hartzea mugatu gabe, herritarrak ikusle huts bihurtu gabe, norberak bere neurrira egokitu ditzakeen ekitaldiak egin daitezkeela.... eta, konpartsen artean lehiatzeko txanda heltzen denean, ileorde berde batekin eta tutu arrosarekin itsasadarrera salto egin behar baldin bada, konpartsetako kideak ez direla inolaz ere kikiltzen!

Izan ere, konpartsen arteko ur jolasak ospatu zituzten atzokoan Erripan, eta, aurrekoetan ez bezala, probak goizean ospatu ziren. Aste Nagusiko zazpigarren goiza izanik, hori bai, jolasak hasteko konpartsetako kideak heldu arte itxaron behar izan zen. Presa handiegirik gabe heldu ziren, ajearekin asko, umoretsu guztiak, ezagutzen ez zituzten jolasen arauak entzuteko irrikatan.

Gerra margoak aurpegian, koloretako boak lepoan, tutu deigarriak jantzita, bainujantziekin edo barruko arroparekin... Erripara hurbildu zirenek helburu bakarra zuten: jolasetan parte hartzeko taldeak osatzea, konpartsa baten izenean edo konpartsa ezberdinen artean. Jolasen gidariak nabarmendu zuenez, «konpartsibilitate bikoitza» asmatzen bukatuko dute jaizaleek.

Behean, uretan, Bilboko suhiltzaileen itsasontzia, Gurutze Gorriarena eta Pa..Yakoen “Txirla” txalupa zeuden zain, ekitaldiaren jarraipena zuzen-zuzenean egiteko prest. Eta moilan, lehen txonboak egin ostean uraren kalitatearen gaineko kezka desagertzen hasia zenean, kondoi bat agertu eta zalantzak batzuk sortu ziren. Azkenean, baina, itsaso alderantz urrundu zen kondoia gutxika-gutxika eta zalantzak ere ia erabat desagertu ziren...

Antolakuntzak prest zituen txalekoak, arraunak, paddle taulak, pantalana eta “heriotzaren erruloa” bezala bataiatu zuten zilindro puzgarria. Behin arauak azalduta, ordu pare batez igerian, arraunean eta zilindroa gurutzatzeko trebezian neurtu ziren konpartsetako kideak. Mimikarako tartea ere izan zen, proba bukatzeko egitarauko ekitaldi bat mimikarekin azaldu behar izan baitzuten parte hartzaileek.

Probak atzo jokatu baziren ere, hori bai, emaitzak ez dira gaur arte ezagutzera emango. Izan ere, konpartsen arteko herri kirolak izango dira arratsaldean Arriaga aurrean, eta orduan jakinaraziko dituzte irabazleak.

Bakailao lapikoak bor-bor

Ur jolasetatik metro bakar batzuetara, Areatzan bakailaoa izan zen jaun eta jabe atzoko goizean, jaigunean usain paregabea zabalduz. Pil-pil erara prestatu behar zuten bakailaoa lehiaketan parte hartu zutenek, eta 57 lapiko aurkeztu zituzten guztira. Astrabuduko Coppi tabernako kuadrillak eraman zuen lehen saria, Erandiora jaiotako bigarren txapela eramanez. Konpartsen arteko lehia gastronomikoari dagokionez, Txinbotarrakoak nagusitu ziren atzokoan. Atzetik Tintigorri, Txomin Barullo, Bizizaleak eta Txori Barrote sailkatu ziren.

Atzoko ekitaldi gastronomikoak, hori bai, ez ziren lehiaketetara mugatu. Hala, 300 haur eta gaztetxo inguruk kokotxak prestatzen ikasteko aukera izan zuten Javier Izarra sukaldariaren gidaritzapean. Bakailao pintxoen dastatzea ere izan zen Areatzako gune gastronomiko erraldoian.

Guztientzako krosa

Etenik ez duen jaiaren barruan, batzuk lapikoen artean zein uretan zeuden bitartean, beste batzuk arratsalderako kroserako prestatzen ari ziren. Aste Nagusia 23. Hiri Krosa ospatu zen, eta, ohitura jarraituz, zenbait ibilbide izan ziren aukeran, haur txiki-txikiek, gurpil-aulkian dabiltzanek, beteranoek... ere parte hartzeko aukera izatea bermatzeko.

Nekea dagoeneko pilatzen ari dela agerikoa izan arren, jaiak ez du etenik eta aurrera egingo du gaurko ere konpartsek antolatutako proposamen ugariekin. Areatza marmitako lapikoz eta sukaldariz beteko da goizetik. Ardo dastatzea eta hegaluze parrillada ere egingo dute bertan. Kalejira tailerra, bits festa Arriagan, erromeria, antzerkia eta beste hainbat ekitaldi ere ez dira faltako.

Eta ez ahaztu, konpartsetako kideen saltsan murgildu nahi duenak aukera paregabea izango du gaur bertan konpartsen bazkarian. Umorea ez da faltako menuan!

Honi buruzko guztia: Z