GARA
DONOSTIA

Zine zaletuen topaketa hartuko du Tabakalerak

Zine zaletuak egonda ere zinemara gero eta gutxiago joaten direla ohartuta, sinergiak batu eta zine zaletuen topaketa antolatu du Kresala zine klubak irailaren 14rako. Egun osoko jardunaldia prestatu dute.

Zine zaletuak egon badaude, baina gero eta gutxiago egiten dute topo zinemetan. Errealitate horretaz aspaldi jabetu ziren asko, baita Kresala zine klubeko kideak ere, eta iazko Durangoko Azokako mahai inguru baten ondotik Azkoitiko zine klubarekin izandako hartu-emanek egoera iraultzeko ekintzara pasatzeko beharra nabarmendu zuten.

Hala antolatu dute zine zaletuen topaketa, irailaren 14ean Donostiako Tabakalerako Luis Balerdi aretoak hartuko duena. «Elkarrekin lanean hasteko gune bat sortzea beharrezkotzat dugu. Elkarren esperientziak trukatu eta elkarrekin aurrera eraman ditzakegun proiektuez hitz egiteko esparru bat», nabarmendu dute Kresalatik.

Topaketak publiko orokorrari irekita izango dira, baina leku kopuru mugatua dagoenez izena eman behar da (Labur.eus/zineklubtopaketa).

Oraina eta etorkizuna

Jardunaldiek goizeko hamarretan izango dute hastapena, akreditazioen banaketarekin, eta handik ordu erdira ekingo zaio eztabaidari: zinekluben gaur egungo egoera eta etorkizunekoa izango dute hizpide Iruñeko Lehen Saioa, Azkoitiko Matadeixe Zinetogram, Bilboko Fas eta Errenteriako Ozzinema zine klubetako partaideek.

Eguerdiko hamabiak eta laurdenean nazioarteko zineklub eta zine elkarteen federazioko idazkari Julio Lamañak hartuko du hitza, zinekluben arteko elkarlanaz eta lan ildoez hitz egiteko, eta berak izandako esperientziak partekatuko ditu jardunaldian izena ematen dutenekin.

Bazkal ostean ekingo zaio hurrengo saioari: banatzaileak izango dira protagonista, eta horietako zenbaitek eurek eskaintzeko dutena jarriko dute mahaigainean.

Jardunaldiarekin amaitzeko, ezinbestean, Tabakalerako zine aretora jaitsi eta pelikula bat ikusi eta eztabaidarako tartea irekiko da.