Imanol CARRILLO
PILOTA

Iker Salaberriak azaroan egingo du debuta Asperekin

Goizuetako aurrelaria afizionatuetan nabarmentzen ari da eta gaur Antiguako finalerdiak jokatuko ditu.

Iker Salaberria (Goizueta, 1999) afizionatuetan maila handia ematen ari den pilotari gaztea da. Bere partida onek saria izango dute azaroko bigarren asteburuan, Asperekin debuta egingo baitu aurrelari nafarrak. Lau eta Erdiko Txapelketak izango duen atsedenaldia aprobetxatuko du Eibarko enpresak bere lehen neurketa programatzeko.

Bi urteko kontratua sinatu duelako albistea atzo ezagutu zen, goizuetarraren urtebetetzerako hiru egun bakarrik falta zirenean –ostegunean 20 urte beteko ditu–. Horregatik, «izan nezakeen oparirik onena da hau», adierazi zuen pilotariak berak. «Debutatuko dudala jakitea niretzat oso albiste ona da. Oso hunkituta nago. Publikoki eskerrak eman nahi dizkiot Asperi nigan ipini duen konfiantzarengatik», gaineratu zuen Iker Salaberriak.

Pilotari gazte honen jokoa ezagutu nahi duenak aukera bikaina du gaur. Izan ere, Antiguako finalerdiak jokatu behar ditu Alduntzirekin batera Zubiria eta Iker Elizegiren kontra. Salaberriaren palmaresean Biharko Izarrak (2018/2019), Muebles Polque (2018) eta Gravni (2018) txapelketak ageri dira.

Donostiako torneoa

Bestalde, profesionaletan, Donostiako torneoaren finalerdiak jokatuko dituzte gaur gauean Jaka-Zabaletak eta Artola-Imazek.